Gaur goizeko atxiloketen ondoren, milaka lagun elkartu dira arratsaldean horiek salatzeko manifestaziora. 19:15 aldera hasi da, eta Gipuzkoako hiriburuko kale nagusiak zeharkatu ondoren, Bulebarrera itzuli da berriro, ordu erdi geroago. Borroka da bide bakarra, Ez gaituzue geldituko eta Presoak kalera, amnistia osoa oihukatu dituzte martxan, besteak beste.
Manifestazioaren amaieran, antolatzaileek kioskotik esan dute Mikel Arretxek deitu diela, eta hark ez duela hitzik eskertzeko jendeak emandako erantzuna. Senideei elkartasuna adierazteko deia ere egin dute, eta Bulebarrean bildutakoek txaloka erantzun dute. "[Atxilotuek] Martuteneko espetxea zapaldu ere ez dute egin, lekualdatzean izango dira une honetan", jakinarazi dute.
"Herri harresiaren kontra egin dute armaz josirik 300 bat ertzainek. Baina hemendik ez da inor joan. Aupa zuek!", adierazi dute. Gaineratu dute herri harresia dela bidea epaiketa politikoekin amaitzeko.
Bihar martxa, 11:00etan
"Eskerrik asko bihotzez babesa ematen ari zareten guztiei. Gogoratu, bidea hasi besterik ez dugu egin. Lege bidegabeak ez ditugu onartuko!", esan dute goizean Aske Gunetik.
Gaurkoaz gain, bihar beste manifestazio bat egingo dute Martuteneko espetxera. 11:00etan aterako da, Bulebarretik hori ere. Azpimarratzekoa da lehen protestak Ertzaintzak gazteak atxilotu eta gutxira izan direla. “Hemen ez da ezer amaitzen. Bide handia dago egiteko, baina lortuko dugula argi daukat, herri honek duen indarra ikusita”, adierazi du Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko kideak.