Han eta hemen, milaka lagun atera dira kalera Maiatzaren Lehenean sindikatuen deialdiekin bat egin eta langileen eskubideak eta gizarte justizia aldarrikatzeko.
Jaurlaritza kritikatu du ELAk
ELAk Bilbon egin du ekitaldi nagusia. 11:30ean milaka lagun -zortzi mila sindikatuko iturrien arabera- batu dira Jesusen Bihotzaren plazan, Jose Elorrieta idazkari nagusiaren eta Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren albokoaren hitzaldia entzuteko.Motelaldi ekonomikoak batik bat langileak zigortuko dituela ohartarazi du Muñozek, eta langileen artean behartsuenak. Krisi garaietan gobernuek enpresaburuei, "diru gosez jokatzen dutenei", laguntzen dietelako gertatzen dela hori salatu du. Elorrieta, berriz, Jaurlaritzaren aurka mintzatu da; Lehiaren Defentsarako Auzitegiaren bidez sindikatuak isilarazi nahi izatea, eta, bidenabar, merkataritza arloko multinazionalak indartzea egotzi dio. “Konpetentziaren izenean nahi dutena da justu kontrakoa: konpetentzia desagertzea, enpresa txikiak ixtea”, azpimarratu du. Funtsean, Gasteizko Gobernuak kritika guztiak isilarazi nahi dituela kritikatu du.
Hitzaldiak eta gero, ELAren jarraitzaileek manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan. Ondoren, bazkaria egiten ari dira Barakaldon, BECen. Lau mila lagun inguru bildu dira bazkaritan.
Aldaketa soziala eskatu du LABek
LABek, berriz, Iruñean egin du ekitaldi nagusia. 12:00etan Golem zinemetatik abiatuta manifestazioan joan dira bost mila lagun inguru (antolatzaileen arabera) Gaztelu Plazara, Langileok aldaketa eragin. Gora Euskal Herri gorria! jartzen zuen pankartaren atzetik. Jai giroa izan da nagusi manifestazioan, eta, besteak beste, batukada batek parte hartu du. AHT Abiadura Handiko Trenaren kontrako oihu asko entzun dira, eta Gotorlekuko murruetan azpiegitura horren kontrako pankarta handia jarri dute.
Gaztelu Plazan egin dute amaiera ekitaldia, eta Rafa Diez idazkari nagusia mintzatu da. Agur kutsua izan du Diezen hitzaldiak, idazkari nagusi gisa parte hartuko duen azken Maiatzaren Lehena baita gaurkoa. Ildo horretatik, LAB osasuntsu dagoela eta etorkizunean, bera joaten denean ere, sindikatuak osasuntsu jarraituko duela nabarmendu du. Euskal Herriak aldaketa soziala eta bere eskubideen aitortza behar dituela aldarrikatu du Diezek. Arratsaldean beste ekitaldi bat egingo du LABek: Langileei Omenaldia, 17:30ean, Txantrean.
CCOO eta UGT elkarrekin
CCOOk eta UGTk elkarrekin egin dute ekitaldi nagusia, Bilbokoa. 11:30ean milaka lagun abiatu dira manifestazioan, Jesusen Bihotzetik. Onaldi ekonomikoa amaitu dela eta, krisiak langileengan izango duen eraginarekin kezkatuta agertu dira bi sindikatu horietako buruzagiak. Izan ere, krisiak langileak babesik gabe uzten dituela ohartarazi dute, eta egoera horretaz jabetzeko galdegin diete agintariei.
Bilbon ez ezik, Donostian eta Gasteizen ere egin dituzte manifestazioak CCOOk eta UGTk. Nafarroan, ostera, bi sindikatu horietako bakoitzak bere kabuz ospatu du Maiatzaren Lehena. CCOOk manifestazioa egin du Iruñean, Baluartetik abiatuta. UGTk, berriz, Altsasun.
Baionan manifestazio bateratua
Baionan, berriz, manifestazio bateratua egin dute sindikatuek. Goizeko 10:30ean hasi da, eta 1.600 lagun inguru ibili dira langileen eskubideen alde Baionako karriketan. Manifestazio bakarra egin bada ere, LAB bereizita joan da, besteen atzetik, bere pankartarekin. Amaiera ekitaldia ere bereizita egin du: Herriko Etxe aurrean egin dute beste sindikatuek eta atzean LABek.
Hala ere, oro har, Sarkozy Frantziako presidentearen politikaren eraginez azken urtean izan diren atzerakada sozialak salatu dituzte, hala nola, Gizarte Segurantza pribatizatzeko asmoak eta erretretarako 41 urtez kotizatzeko proposamena.
Sindikatu txikiagoak ere atera dira kalera
ESK-k, EILASek, CGTk eta ATTUkek elkarrekin egin dute manifestazioa Iruñean, eta Bilbon ESK-k eta CGTk. Langileen eskubideen kontrako joerak salatu dituzte eta gizarte justizia aldarrikatu dute haiek ere.
Maiatzaren 1a, Langileen Eguna
Milaka lagunek egin dute bat sindikatuen deialdiekin
"Euskal Herri sozialagoa" eskatu du ELAk Bilbon. "Euskal Herri gorria" aldarrikatu du LABek Iruñean. CCOOk eta UGTk krisiak langileak babesik gabe uzten dituztela salatu dute elkarrekin. Baionan manifestazio bateratua egin dute sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu