Milaka pertsona batu dira Altsasun, erraustearen aurka egiteko

Olatzagutiko porlan lantegia hondakinak errausteko erabiltzeak kalte handia eragingo lukeela salatu dute

Olatzagutiko porlan fabrikan hondakinak erraustearen kontrako manifestazioa, atzo Altsasun. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Inigo Astiz
Altsasu
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Errausketarik ez. Jendetza bildu zen atzo Altsasun (Nafarroa) lelo nagusi hori zeraman pankartaren atzean. 8.000 pertsona baino gehiago bai, manifestazioaren antolatzaileen hitzetan. Bete egin ziren herriko kaleak, eta Baratzako Bide plaza ere gainezka egon zenibilaldiaren amaierako ekitaldian. Luzea zen Hiru Mugak Batera taldeak egindako deialdiarekin bat egin zuten talde ekologista, sindikatu, zinegotzi eta elkarteen zerrenda, eta asko izan ziren pankarta nagusiaren atzean jendeak eraman zituen kartelak ere. Sakonean, mezu bera zuten denek, ordea: errausketaren aurkakoa, eta zaborrak kudeatzeko bestelako eredu baten aldekoa. «Lana bai, pozoia ez», «Sakana ez saldu» eta «batzuen dirua, denon pozoia» izan ziren manifestariek oihukatutako leloetariko batzuk.

Hondakinak kudeatzeko planaren oinarrietariko bat zen, baina, azkenean, errauste plantarik ez duela eraikiko jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak orain aste batzuk. Berez albiste ona behar lukeela baina «argi-ilunak» dituela uste dute antolatzaileek. Amaia Iparragirre Hiru Mugak Batera elkarteko kideak irakurritako testuaren arabera, keinu hori ez da nahikoa. Urrunago jo behar luke gobernuak: «Ez dute errausketa sistema baztertu».

Olatzagutian dagoen FCCren porlan fabrikarekin zer gertatuko adi daude ekologistak, horregatik. Izan ere, bere jarduera ekonomikoa moldatu eta zaborrak errausteko baimenak eskatuak ditu enpresak, eta beldur dira gobernuak ez ote duen multinazionalaren planta erabili nahiko baztertu berri duten errauste plantaren eraikuntza ordezkatzeko. «Ez dugu halakorik sinetsi nahi, lehen eta bigarren mailako herritarrak daudenik ere sinetsi nahi ez dugulako».

Hasiera batean, FCC enpresako ordezkariek esan zuten herritarren iritzia kontuan hartuko zutela, baina «inposizioaren bidea» hartu dute azkenean, manifestazioaren antolatzaileek salatutakoaren arabera. «Enpresa ez da fidatzekoa». Zaborrak errausten hasi ezean, planta ixteko «mehatxua» ere egin du FCC multinazionalak, Iparragirrek azaldutakoaren arabera, baina gezurtzat jo du: «Nahikoa da; gezur gehiago ez, tranpa gehiago ez, xantaia gehiago ez».

Osasunaren kalte

Handia litzateke Sakanan errauste planta martxan jartzeak eragingo lukeen kaltea, Hiru Mugak Baterako kideen esanetan. Kalte egingo lieke natur parkeei, plantatik gertu diren herriei, lehen sektorean aritzen diren herritarrei eta Gipuzkoa eta Arabako hainbat herri urez hornitzen dituzten iturburuei. «Hondakin kudeaketaren negozioak ezin ditu gure osasunari, lurrari eta naturari lotuago dauden beste garapen eredu batzuk hipotekatu».

Ehunka dira porlan enpresari hondakinak erretzeko asmoa bertan behera uzteko eskaera egin dioten hautetsi, alkate, sindikatu eta udalak, Hiru Mugak Batera taldeko kideen hitzetan. «Herritarren borondatea errespetatzeko eskaera egiten diogu». Adituen iritziak kontuan hartzeko ere eskatu diote FCCri. «Medikuen eta zientzialarien ikerketek azaltzen dutenez, errausketak kalte larria eragingo lioke gure seme-alaben osasunari. Zergatik guztion gainetik pasatzeko ahalegin hau?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.