Independentzia

Milaka pertsona bildu dira Durangoko martxa berdean

Independentistak sareak antolatuta egin dute manifestazioa, 'Bagoaz. Euskal Herriak independentzia' lelopean.

2012ko abenduaren 6a
19:28
Entzun

Bagoaz. Euskal Herriak independentzia lelopean, Independentistak sareak antolatutako martxa berdea 17:15ean abiatu da Durangoko (Bizkaia) Landako gunetik, eta milaka lagun bildu dira. Manifestazioaren aurrealdean izan dira pankarta eramaten Porrotx, Rafa Rueda, Xabier Amuriza eta Iñaki Ortiz de Villalba, besteak beste.

Sareko kide Txutxi Ariznabarretak martxaren aurkezpenean nabarmendu zuenez, gero eta jende gehiagok pentsatzen du independentzia dela aukerarik onena Euskal Herriaren etorkizunerako. “Asko garela eta euskal estatua sortzeko bidean aurrera egiteko prest gaudela erakusteko".

EH Bilduk eta LABek bat egin dute deiarekin. Horrez gain, ANC Biltzar Nazional Katalaneko kide Pere Pugues eta Roser Loire ere izango dira. Ezkerreko subiranista guztiak deitu ditu EH Bilduk "euskal estatu librea argi eta ozen" aldarrikatzera, "konstituzio inposatuen izenean gure eskubideak bahitzen dituztenek" aldarri hori entzun dezaten.

Independentistak sareak 14:00etan Bagoaz, hamaika arrazoi dauzkagulako liburua aurkeztu du Durangoko Azokako gunean.

Carod Rovira, Plateruenan

Goizean, Info7 irratiak antolatutako mahai inguruan, independentziaz hizketan aritu dira Plateruena kafe antzokian. Hizlarien artean izan da Josep Lluis Carod Rovira ERCko presidente ohia, eta azaldu du independentzia ez dela “inprobisatzen”. Katalunian ezkerrekoa eta independentista izanez gero bozkatzeko bost aukera dituzula pentsatzen du, eta "ezkerreko gehiegi" daudela "hain herrialde txikirako".

Euskal Herriaren egoeraren inguruan esan du berak lehendakari independentista bat baino nahiago duela Euskal Herri independente bateko lehendakari bat. Horrez gain, espetxean dagoen bere "lagun Arnaldo Otegi” agurtu nahi izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.