'Bateragune auzia'

Milaka pertsonak absoluzioa eskatu dute auzipetuentzat Donostiako kaleetan

Milaka lagun bildu dira Donostian "epaiketa politikoen kontra" protesta egiteko. Donostiako Udalak auzipetuen absoluzioa exijitu eta "epaiketa politikoak" amaitzeko eskatu du. Halaber, udalak berretsi egin du gatazkari irtenbidea emateko urratsak egingo dituela. Manifestazioan hainbat pertsona ezagunek hartu du parte.  

2011ko uztailaren 2a
21:07
Entzun

Milaka pertsona elkartu dira gaur arratsaldean Donostiako Antigua auzoan arratsaldeko 17:30ak pasatuta "epaiketa politikoen kontra" hasi den manifetazioan parte hartzeko. Astean zehar hainbat pertsona ezagunek, sindikatuk, alderdik eta eragilek parte hartzera deitu dute, Epaiketa politikorik ez, aterabideak aurrera lelopean. Pankarta Javier Madrazok, Mertxe Colinak, Xabier Oleagak, Txaro Arteagak, Ramon Zallok eta Ramon Labaienek eraman dute. 

Amaiera ekitaldian Xabier Oleagak deitzaileen izenean adierazpena irakurri du, eta "eszenatoki politiko berrian" absoluzioa beste aukerarik ez dagoela esan du. ETAren bortizkeria eta Espainiako eta Frantziako errepresioa ez dutela nahi ere irakurri dute agirian. Manifestazioan "independentzia" eta "euskal presoak, etxera" oihuak entzun dira.

Aurpegi ezagun ikusi ahal izan dira Donostian, deitzaileez gain. Besteak beste, han izan dira Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa eta Jesus Mari Larrazabal EAkoak, Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera Aralarrekoak, Oscar Matute Alternatibakoa, Rufi Etxeberria, Itziar Aizpuru, Koldo Gorostiaga, Ibon Arbulu eta Kepa Gordejuela ezker abertzalekoak, Jesus Uzkudun CCOO sindikatukoa, Jabi Garnika LABekoa eta Paul Rios Lokarrikoa.

[YouTube]http://youtu.be/ComnNUvvMy0[/YouTube]

Txelui Morenoren deia Patxi Lopez lehendakariari

Libre dauden auzipetuak ere manifestazioan izan dira: Txelui Moreno, Rafa Diez, Amaia Esnal eta Mañel Serra. Morenok errepresio neurriak bertan behera uzteko eskatzeko galdegin dio Patxi Lopez lehendakariari. Mikel Labaka Realeko jokalaria eta Jesus Mari Zamora jokalari ohia ere manifestazioan izan dira, baita Joxean Lizarribar Berria Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria ere. OrekaTX taldeko kideek ere parte hartu dute.

Patxi Zabaletak ere, Miren Zabaleta auzipetuaren aitak, absoluzioa eskatu du: "Demokrazia batean ezin da delitu politikorik izan, eta Bateragune auzia deituriko honek epaiketa politiko baten itxura guztia du. Horregatik eskatzen dugu bertan behera uztea epaiketa, eta auzipetu guztiak libre uztea". Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkidea ere mintzatu da, eta euskal herritarren gehiengoaren borondatea oztopatu nahi dutela salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.