Milaka pertsonek hartu dute parte gaixo larri dauden hamalau euskal presoen aldeko manifestazio isilean. Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde lelopean, hainbat alderdi politikoetako kide eta gizarte eragileen presentzia izan du martxak. Bertan ziren, besteak beste, EH Bilduko hainbat kide, hala nola, Joseba Permach (Ezker abertzalea), Pello Urizar (EA), Dani Maeztu (Aralar) eta Xabi Soto (Alternatiba), Iñigo Iruin abokatua, Xabier Mikel Errekondo eta Maite Aristegi Amaiurrekoak, edota Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun nagusia.
17:30ean, abiatu da martxa Donostiako Antigua auzoko tuneletik eta Bulebarrean amaitu da. Han Naroa Iturrik hitz egin du manifestazioaren deitzaileen izenean, eta Josu Uribetxebarria preso gaixoarekin gertatutakoa ez errepikatzeko "mekanismo guztiak" martxan jar daitezela eskatu du. Euskal gizarteak "giza eskubideen zapalkuntza, hamarkadetako sufrimendua eta elkar ulertze eza" gainditzeko abagune historikoa bizi duela gaineratu du, baina egungo espetxe politika horretarako "traba nabarmena" dela; izan ere, Iturriren arabera, "euskal gizartearen zati bati sufrimendua eta samina besterik ez dio ekartzen". Hortaz, "bake egoera bat lortuko bada" hori dena aldatu beharra dagoela azpimarratu du bozeramaileak: "Bakeari eta konponbideari ateak irekiko dizkion egoera desiratzen du herritarren gehiengoak".
Martxaren hastapenean, berriz, Aralarreko Asier Maeztuk hitz egin du. Haren hitzetan, "mendeku gisa" erabili den "salbuespenezko" espetxe politika "bukatu" egin behar da. Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela horrelako aldarrikapenak egiteko "kalean egotea". Ildo beretik, "mobilizazioen beharra" azpimarratu du Joseba Permachek, "horrek bakarrik aldatuko baitu espetxe politika hau". EAJri autokritika egiteko eskatu dio gainera, "dispertsioan, historikoki, bere ardura izan duelako".
Aste osoko babesa
Asteazkenean, gaixo larrien alde Donostia eta Arrasate herriak lotzekoa zen martxa bat zegoen deituta, baina Espainiako Auzitegi Nazioanalak debekatu egin zuen AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen eskaria aintzat hartuta. Haren deitzaileek, orduan, gaurko manifestaziora deitu zuten. Hamalau pertsona ezagun dira manifestazioaren deitzaileak; besteak beste, Txaro Arteaga, Joan Mari Irigoien, Inaxio Kortabarria, Martxelo Otamendi, Andoni Egaña eta Ramon Labaien. Geroztik hainbat alderdi, erakunde eta gizarte eragilek egin dute bat deialdiarekin.
Astean zehar, dena den, Josu Uribetxebarria gaixo larri dagoen presoaren egoera salatzeko elkarretaratzeak egin dira Donostiako Ospitalearen aurrean, egunean bitan. Eta atzo, hilaren azken ostirala izaki, euskal preso eta iheslariak herriratzearen aldeko elkarretaratzeak egin ziren Euskal Herriko hainbat herritan.