Positiboek goia jo dute Hego Euskal Herrian: zortziren bueltan ibili ziren orain arteko kopururik handienak, baina azken orduetan milara heldu dira, 1.017. Pandemia osoan zenbatu den kopururik handiena da. Herrialde guztietan igo dira kasuak, baina nabarmenena Nafarroako kasua da: 253 kasu izan dira han; atzo halako bi. Izan ere, Tuterako lantegi batean 175 kasu atzeman dituzte. Azken egunetan kasu batzuk agertu ziren hango langileen artean, eta 640 proba egin ostean detektatu dituzte kasuak. Beraz, testen %27 izan dira positiboak.
Nafarroako Osasun Saila lantegi arduradunekin elkarlanean ari da ezarri beharreko neurriak adosteko, eta kutsatuen hurbileko kontaktuak lokalizatzeko; oldarraldia zabaldu ez dadin. Lan eremuan atzematen den tamaina horretako lehen agerraldia da. Halaber, Osasun Sailak esan du datuen «irakurketa bikoitza» egin behar dela. Batetik, egunero egin ohi diren probetan atzemandako 78 kasuak daude, eta, bestetik, lantegian atzemandakoak. Gobernuak azaldu du lantegian detektatutako kasuen artean Nafarroakoak ez diren kasuak daudenez, kasuon jatorria jakin bitartean, lantegitik kanpo atzemandako 78 kasuak bakarrik helaraziko dizkiola Espainiako Osasun Ministerioari. Aurreko egunetan ez bezala, azken orduetan Nafarroako Gobernuak ez ditu eremu geografikoaren eta adin tartearen araberako datuak eman. Izan ere, azken orduetako «errealitate bikoitz konplexuak» zaildu egin du informazio hori lortzea, Osasun Sailaren esanetan.
Herrialdeka, Bizkaian, 365 kasu izan dira; Nafarroan, 253; Gipuzkoan, 243, eta Araban, 131. Erkidegotik kanpo 25 kasu atzeman ditu Jaurlaritzak. Herrialdeetako kasuak ugaritzeaz gain, hiru hiriburuetako kopuruak ere hazi egin dira. Bilbon, 165 kasu detektatu dituzte, atzo baino 53 gehiago; Donostian 114, 23 gehiago, eta Gasteizen, 115, atzo baino 32 gehiago.
Donostian, izan ere, gaueko aisialdiarekin loturik agerraldi bat atzeman zuten iragan aste amaieran, eta kasu ugari atzeman dituzte asteon: bost egunetan 400 kasuren langa gainditu da hiriburu horretan (404). Oraintxe, Gernikan (Bizkaia) dago beste agerraldi nagusia. Ez-festekin loturik agerraldia izan da herrian, eta, atzo kasuak baretzen ari zirela zirudien arren, azken orduetan goia jo dute: 47 positibo detektatu dituzte. Ehun kasutik gora atzemanak dituzte oldarraldia detektatu zutenetik.
Ospitaleratzeen berri ere eman dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: 52 eri sartu dira ospitaleetara gaitzaren ondorioz azken orduetan. Hego Euskal Herriko erietxeetan 312 pertsona daude orain COVID-19aren eraginez; horietatik 39 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.
Gipuzkoan, zabaltzen ari da birusa
Bizkaian hedatu da gehien gaitza udako agerraldiak hasi zirenetik, eta eragina nabaria izan da hiriburuan ez ezik, inguruko herrietan ere. Gainerako herrialdeetan ere izan dira agerraldiak, baina intzidentziak apalagoak izan dira. Halaber, azken egun eta orduetan, birusa zabaltzen ari da Gipuzkoan ere. Azken zazpi egunetan, 1.124 kasu atzeman dituzte herrialdean: aurreko astean detektatu zirenak halako bi (549). Izatez, azken orduetan atzeman dituzte uda guztiko kopururik handiena: 243 kasu.
Intzidentzia gehienak hiriburuan daude, gaueko aisialdiari loturiko oldarraldi bat atzeman baitzuten han iragan astean. Halaber, gainerako herrietara ere hedatu da gaitza, eta zenbait herritan bikoiztu eta hirukoiztu egin dira intzidentziak. Baliteke hiriburuko agerraldiak eragina izatea ere inguruko herrietako kasuen hazkundean. Irunen izan dira Donostiaren ondotik kasu gehien. Azken zazpi egunetan 67 positiboren berri eman dute: aurreko astean halako bi (31). Intzidentzia tasa, halere, txikia da oraindik: 1.000 biztanleko 111 kutsatzen dira. Handiagoa da tasa Lasarte-Orian: 1.000 biztanletik 265 kutsatzen dira. Astebeteko tartean herri horretan izan den kasuen gorakadarik esanguratsuenetarikoa izan da: azken zazpi egunetan 50 kasu zenbatu dituzte; aurrekoan bost.
Errenterian ere antzekoa da egoera. Azken bi egunetan, bereziki, gora egin dute kutsatzeek: 27 kasu izan dira. Aste osoko datuei erreparatuz gero, 48 izan dira kasuak; aurreko astekoak halako bost (9). Zarautzen eta Hernanin ere igarri da gorakada. Zarautzen agerraldi bortitz bat izan zen uztailean, baina azken asteetan apalduak ziren kasuak. Egunotan, baina, ugaritu egin dira: 37 kasu izan dira zazpi egunetan, aurreko zazpietan, berriz, 12. Hernanin, intzidentziak oso urriak izan dira uztailean eta hilaren hasieran, baina, bikoiztu egin dira azken astean: 33 kasu izan dira, aurreko astean izan zirenak halako hiru ia (12).
Tolosa, Pasaia eta Ordizia dira gorakadaren beste adierazleetako hiru. Tolosan bikoiztu ere egin dira kasuak aste batetik bestera: iragan astean bederatzi kasu izan ziren, eta azken zazpi egunetan, 23. Pasaian, modu apalagoan bada ere, igo egin dira positiboak. 15 ziren iragan astean, eta 22 oraingoan. Ordizian, azken orduetan nabarmena izan da hazkundea: atzo ez zen kasurik izan herrian, eta azken orduetan, aldiz, hamar kasu zenbatu dituzte. Aste osokoari begiratuta, aurreko astekoak kasuak halako lau izan dira: hamazazpi positibo atzeman dituzte azken zazpi egunetan; aurrekoetan lau.