Milioi bat eurotik gorako galera ekonomikoa izan dute 18/98ko auzipetuek

Epaiketaren lehen zazpi hilabeteetan jada zigorra betetzen hasiak direla salatu du Mikel Egibarrek

EIDER GOENAGA DONOSTIA
2006ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Duela sei hilabete, iazko abenduaren 16an, agerraldia egin zuen 18/98+ lan taldeak Madrilen hilabete lehenago hasitako epaiketaren ondorio ekonomikoen inguruan. Gastuen aurreikuspena egin eta 18/98 sumarioko auzipetuen «sakrifizio ekonomikoa» arintzeko laguntza eskatu zuten. Atzo epaiketaren lehen zazpi hilabeteen balantzea egin zuten. Denbora horretan auzipetuek 1.095.500 euroko galera izan dute, epaiketari aurre egiteko gastatutakoa (423.500 euro) eta epaiketara joan behar izateagatik galdutako lan orduak (672.000 euro) batuta.

Gastu horri aurre egiteko atera zituen laguntza bonoak 18/98+ plataformak eta atzo Roberto Lopez Etxezarreta lan taldeko kideak «bihotz-bihotzez» eskertu zuen jasotako «elkartasuna». 210.000 euro inguru jaso dituzte herritarrek, izaera anitzeko elkarteek zein udal mailako hainbat erakundek emanda. Baina laguntza hori, handia izanagatik ere, 423.5000 euroko gastuaren erdia ordaintzeko adina baino ez da izan; eta epaiketak luze joko duenez, laguntza gehiago eskatu beharrean direla esan zuten. Erakundeei eta bereziki Eusko Jaurlaritzari egin zioten deia; «deklarazioetatik haratago» joateko eskatu zioten, eta epaiketari aurre egiteko karga ekonomikoa ez uzteko soilik herritarren bizkar.

Laguntza bonoak atera zituztenean «garden» jokatzeko konpromisoa agertu zuen 18/98+ taldeak, eta horren seinale izan zen atzo emandako datu andana. Lan taldearen diru kontuak publiko direla eta kontu horiek aztertu nahi dituenak eurengana jo besterik ez duela nabarmendu zuten.

'MAKRO' AURRIZKIA. Gardentasun osoz eta egoeraren «larritasuna» ezkutatu gabe egin zuten diru gehiago emateko deia ere. Mikel Egibar auzipetuak esan zuenez, horretara «derrigortuta» aurkitu dira lan taldeko kideak. «Bere garaian auzi honi makro aurrizkia jarri bazitzaion ez zen izan besterik gabeko asmakeria bat, datu erreal bat baizik. Epaiketaren ondorioei, ekonomiko zein bestelakoei erreparatzea besterik ez dago hortaz ohartzeko». Hamaika datu eman zituen esandakoa baieztatzeko: 25.300 kilometro Madrilera egindako 23 bidaietan; hiru istripu bidean; ia 20.000 euroko diru galera auzipetu bakoitzak zazpi hilabetean;hiru auzipetu gaixotasun larriekin epaiketa hasi denetik; Jokin Gorostidiren heriotza; lan ordu askoren eta, hainbat kasutan, lanpostuaren galera; epaitutako guztien artean 70 urtetik gora espetxean... Eta hori gutxi bada ia mila urteko (991 urte) zigor eskaerari egin behar diote aurre.

DAGOENEKO ZIGORRA BETETZEN. Hori guztia kontuan hartuta, hainbatetan errepikatu zuen Egibarren honako esaldia. «Epaiketa amaitu aurretik, sententzia oraindik kaleratu ez denean, argi eta garbi esan dezakegu dagoeneko zigorra ordaintzen ari garela». Baina 18/98 auzia eta epaiketa bera ez da soilik56 auzipetuen arazoa. Egibarren arabera, euskal herritar ororen arazoa ere bada, eta orain arte diru laguntza emateko deialdiek jasotako erantzunak euskal gizarteak hori ulertu duela islatzen du. «Eskerrik asko Euskal Herriari, eskerrik asko euskal herritarrei, benetan jakin dutelako gu errepikatzen aritu garen horri erantzuten, eta ulertu dutelako auzi hau ez dela hainbat lagunen aurkakoa, Euskal Herriaren aurkakoa baizik».

Hain zuzen ere, hori da Maite Aristegi lan taldeko kideak auzia «behin betiko eten eta artxibatzeko» eskatzearen arrazoietako bat. Baina «beste hamaika arrazoi» ere badaudela gehitu zuen. «Zazpi hilabete luzeko zigor bortitza jasan dute jada auzipetuek. Epaiketa hasi aurretik eta baita gero ere, 18/98+ taldeak eta euskal gizarteak hamaika arrazoi eman dituzte epaiketa bertan behera gelditzeko. Orain, aurrera egin ahala, arrazoi horiek gero eta pisutsuagoak direla ikusten dugu, eta kezka eta larritasuna jasanezina bihurtu dela».

Epaiketa bera zigorra dela dio Aristegik, osasun arazoak gero eta larriago direla, sendian, lan arloan eta poltsikoan ondorioak konta ezinak direla; eta horrek bakarrik epaiketa bertan behera uzteko eskatzera bultzatzen dituela. Baina baita ere auzipetuen defentsa eskubidearen murrizketak eta jarritako «oztopo ikaragarriek» ere. Aste honetan bertan «Egin-Orain atalean eskatutako ehunka urtetako zigorren oinarri bakarra» diren dokumentuak ez agertzea eta horien fotokopia batzuk onartzea «eskandalagarria» dela iritzi zion.

Abagune politikoa kontuan hartzeak ere epaiketa behin betiko eten dadila eskatzera eramaten ditu. «Badu zentzurik halako egoera batean epaiketa politiko zentzugabe batekin aurrera jarraitzeak?». Espainiako Gobernuak zein botere judizialak epaiketa gelditzeko tresnak badituztela uste du 18/98+ taldeak, eta «ekarpen positiboa» litzatekeela Euskal Herrian zabaldutako prozesuarentzat.

Baina, lan taldeak ez du soilik 18/98 auzia geldiaraztea nahi, Auzitegi Nazionala desagertzea nahi du. «Salbuespeneko auzitegi bat da, eta une honetan Auzitegi Nazionala bezalako epaitegi batek ezin du ezer onik ekarri». Hala bi eskariak «premiazko» direla dio, bai epaiketa geldiaraztea, bai Auzitegi Nazionala indargabetzea.





############

 

Asteburuko ekitaldiak





Gasteiz. Epaiketa bertan behera utz dezatela eskatzeko manifestazioa egingo dute 19:00etan, Iparralde gizarte etxetik aterata,Entzun gaitzaten lelopean.

Deba. Herriko plazan epaiketaren parodia bat egingo dute, 19/98+ plataformak egunotan antolatutako jardunaldien baitan. Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko sokatira lehiaketa bat irudikatuko dute.





############



«Epaiketa amaitu aurretik, oraindik sententzia kaleratu ez denean, dagoeneko zigorra ordaintzen ari gara»

MIkel Egibar
auzipetua eta 18/98+ taldeko kidea
«Aurrera egin ahala gero eta pisutsuagoak dira epaiketa bertan behera gelditu behar dela esateko arrazoiak»

Maite Aristegi
18/98+ taldeko kidea



############






 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.