Militantziari aurkeztutako proposamenaren laburpena

2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

EGOERAREN AZTERKETA



Egungo egoera politikoa aztertzerako orduan, Aralarren zuzendaritzak garrantzia berezia eman dio maiatzeko udal eta foru hauteskundeei. Bilduren «presentzia nabarmenak» eta horrek agertoki politiko berrian sortu duen indar korrelazio berriak agente politikoen «helburuak eta rolak aldatu» dituela dio.

Maiatzeko hauteskundeak «abisu bat» izan dira Aralarrentzat, zuzendaritzaren txostenak jasotzen duenez. Euskal Autonomia Erkidegoan «emaitza duinak» lortu dituen arren, hautetsi galerak Aralar «marginalitate politikora» eraman dezakeela ohartarazi du.

Hauteskundeetako emaitzak azaltzerako orduan, uste du boto emaileek «saritu» egin dutela ezker abertzalearen estrategia aldaketa. Aldaketa hori «Aralar gabe» eman bada ere, Aralarrek prozesu horretan rol garrantzitsua jokatu duela nabarmendu du, bereziki Gernikako Akordioari dagokionean. «[Ezker abertzalearen] aldaketa estrategikoa politikoki onargarria izateko, Gernikako Akordioa funtsezkoa izan da. Gernikako Akordioan, legitimazioaren eta sinesgarritasunaren zati handi bat Aralarren eskutik etorri da, baina horren etekinak eta erabilera elektorala Ezker Abertzale Ofizialak egin du», nabarmendu du.

Gernikako Akordioa oinarri hartuta, eta aurrera begira, Aralarren zuzendaritzak dio ezker abertzaleari «falta zaion barne kohesio ideologikoa» lortzeko beharrezkoa izango dela Aralar. «[Ezker abertzaleak] ez du oraindik aztertu, ez barneratu, ezta sakonki garatu Gernikako Akordioak suposatzen duen aldaketa kopernikanoa. Aralarren esku dago sakontze ideologiko hori egitea».

Barne kritika ere egin du alderdiaren zuzendaritzak. Hauteskundeak baino lehenago egondako negoziazioak eta erabakiak zein alderdiaren zuzendaritzak eginiko kudeaketa aztertu behar direla dio. Polo subiranista bat osatzeko negoziazioetan zein Nafarroa Bai koalizioan egon diren eztabaidetan Aralarrek ez duela bere mezua ongi azaldu eta zenbait kasutan kontraesanak agerian utzi dituela nabarmendu du zuzendaritzak.

ELKARLAN ESTRATEGIKOA



Aralarren zuzendaritzak ezker abertzale «zibil eta zabal» bat osatzeko konpromisoa berretsi du. Era berean, alderdi eta eragileen arteko elkarlana «era progresibo» batean bideratu behar dela dio, «aniztasuna eta elkar onartzea» oinarri hartuta.

Elkarlan horren oinarri nagusia Gernikako Akordioa izan behar dela dio zuzendaritzak. Ituna sinatu duten eragile guztiek puntu guztiak «osorik bete» behar dituztela dio, eta akordioa ezin dela «alderdikeriaz» erabili nabarmendu du.

Aurrera begira, Aralarrek bere «apustu elektoralak aztertu eta berrikusi» behar dituela dio zuzendaritzak. Hala, Espainiako Gorteetarako hauteskundeei dagokienez, Bildurekin kolazioa osatzea lehenetsiko luke Kongresurako —EAEn, Aralar eta Bildu, eta Nafarroan NaBai eta Bildu—; eta Senaturako, erabakitzeko eskubidea ardatz izango lukeen indar abertzale guztien —EAJ barne— koalizio bat. «Bake eta normalizazio prozesuaren defentsa, Gernikako Akordioarekin eta berorren garapena, bere osotasunean eta puntu guztiekin, helburu eta elkargune dira Madrilgo ordezkaritzak bere jarduera politikoan izan beharreko gida, estatuarekin konfrontazioa eta beste alderdiekin adostasunak bilatzeko», dio zuzendaritzaren proposamenak.

@Txostena osorik irakurri nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.aralar.net
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.