Parot doktrina ezarri zieten hainbat preso ohik agerraldia egin dute Gernikan (Bizkaia). Haien izenean hitza hartu dute Oskar Abadek eta Itziar Martinezek. Nabarmendu dute "neurri krudela" dela, eta "injustizia" dakarrela. Euskal Herrian konponbidea eta bakea eraikitzeko apustuaren alde agertu dira.
Haien ustetan, "garaia" da "konponbideari eta bakeari atea irekitzeko, eta gorrotoan eta mendekuan oinarritutako politikak bazter uzteko". Europako erakundeei eta nazioarteari gaur egungo espetxe politikaren bukaera bultzatzeko deia egin diete, baita euskal gizartearen ondoan egoteko deia ere, gatazkaren konponbidearen bidean.
"Ez dugu mendekurik eskatzen, konponbideak baizik; mina atzean uzteko garaia da: aukera bat eman behar zaio Euskal Herriko bakeari".