Bizkaiko hamazazpi ardi aziendatan mingain urdinaren gaitza egon daitekeenaren susmoa du Diputazioak, eta hori dela eta, artalde horietako laginak Algetera (Madril, Espainia) bidali dituzte, Espainiako Nekazaritza Ministerioaren erreferentzia laborategira. Azterketa horren bidez jakingo da azienda horietan gaitza zabalduta dagoen edo ez.
Diputazioako Nekazaritza Saileko iturriek agertu dutenez, joan den udazkenean Gipuzkoanmingain urdinaren lehen kasuak agertu zirenean zaintza epidemiologiko zorrotza egiten hasi ziren, eta azterketa horien ondorioz atzeman dituzte orain mingain urdina egon daitekeela adierazten duten arrastoak. Halaber, Bizkaiko artalde guztiei gaitzaren kontrako txertoa ezarri zitzaiela oroitarazi dute. Orain, berriro ere txertaketa kanpaina jarriko dute abian, eta, era berean, abereen mugimenduari mugak jarriko dizkiote.
Mingain urdina hausnarkariei eragiten dien gaitz birikoa da, eta kalte handiak eragin ditzake aziendetan, artaldeetan ez ezik, baita behi edo ahuntzetan ere. Nolanahi ere, gizakiari ez diola erasaten azpimarratu dute.
Nekazaritza
Mingain urdinaren susmoa du Diputazioak Bizkaiko hamazazpi ardi aziendatan
Artalde horietan bildutako laginak Espainiako Nekazaritza Ministerioaren erreferentzia laborategira bidali dituzte, gaitza ageri den edo ez aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu