Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak esan du PPko buruzagien ustezko ezkutuko ordainketak beste edozein herrialdetan gertatu izan balira dagoeneko dimisioak egongo liratekeela. Haren hitzetan, "larria da iruzurra eta hori ukatzeko gezurra esatea", eta auziaren arduradunak nortzuk diren jakiteko "neurri azkarrak eta zorrotzak" eskatu ditu.
Gaur El País egunkariak argitaratu duenez, 1990 eta 2008 urteen artean gainsoldatak jaso zituzten PPko hainbat buruzagik; tartean, egun Espainiako Gobernuko presidente den Mariano Raxoik. PPko diruzain Luis Barcenasen kontabilitate agiriak dira, ustez, kazetak hedatutakoak, eta horietan ageri dira ezkutuko ordainketak.