Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia prest agertu da EAJrekin itun politikoa egiteko, baldin eta erabakitzeko ahalmena oinarri badu: "EH Bildu itun politiko bat egiteko prest dago, baldin eta herri honen aitortza eta erabakitzeko ahalmenean oinarritzen bada eta euskal estatu libre baten aldeko hautua egiteko bada". Elkarrizketaren eta akordioaren beharraz aritu da Mintegi, Gasteizen eskaini duen hitzaldian: «Burujabetzan sakondu nahi badugu, indarrak batzea ezinbestekoa dugu». Hala, EH Bilduren lehendakarigaiak esan du «akordio zabalak eta sendoak» behar direla «euskal estatu librea» lortzeko.
Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiarekin batera hitzaldia eskaini du Mintegik, gaur arratsaldean. Duela 26 urte EAren sorreraren lekuko izen zen hotel berbera aukeratu du EH Bildu koalizioak kanpainaurreko ekitaldi politikoa egiteko. EAren sorrera batzorde hartan onartu ziren printzipioak hizpide hartu ditu Garaikoetxeak, hau da, autodeterminazio eskubidea, sozialdemokrazia, giza eskubideen defentsa eta bide politiko eta demokratikoen erabilera. «Printzipio horiek ere badira egun EH Bilduren oinarriak, eta horregatik guztiz koherentea ikusten dut nire burua hemen».
Euskal Herria estatu propioan bilakatzea eta gizarte «zuzenagoa» lortzea jada ez dela «ameskeria» esan du Garaikoetxeak. Mintegi ere baikor agertu da: «Gero eta gertuago ikusten dut aspaldi amesten genuen estatu independientea Europan, eta ziur naiz urtebete barru gobernu abertzalea izango dugula»
"Kafkiarra"
Goizean eskainitako elkarrizketa batean, berriz, ETAren jardunaren amaieran lan gehien egin duena eta egiten ari dena “argi eta garbi” ezker abertzalea izan dela ziurtzat jo du EH Bilduko lehendakarigaiak. Mintegik bat egin du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak atzo Gara egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean esandakoarekin; alegia, ezker Abertzaleak eginiko konbentzitze lana gabe, “borroka armatuak euskal politikagintzako agertokian" jarraituko lukeela. "Ez du iraganean bakarrik egin, lanean jarraitzen du, eta zenbait pertsona espetxean daude oraindik hori egiteagatik", gaineratu du.Gogorarazi du ez dela Otegi soilik lan horregatik espetxean dagoena.
ETAren amaiera lortzeko, “alderdi politikoen presioaz gain, beste hainbat eragilek ere garrantzia izan dute, euskal gizarteak esaterako", esan du Mintegik, eta gaineratu du uste duela Otegi bera iritzi horrekin ados egongo litzatekeela.
Mintegik PPri egin dio kritika, ETAren amaiera PPren meritu gisara aurkezten saiatzeagatik; hori "zentzugabea, kafkiarra eta paranoikoa" dela adierazi du. "Lotsagarria" iritzi die PPren hitzei, "ezer ez egiteaz gain, bidean harriak jartzea besterik" ez dutelako egin. "Benetan lan egin duena eta ordainarazi diotena ezker abertzalea da. Gertatutakoa, adibide: pertsona batzuk espetxean daude horregatik", esan du.
EAJri ere zuzendu zaio Mintegi. "Adore gehiago" eskatu dio, eskatutako "subiranotasun kuota lotsatiegiaren aurrean". Uste du kontzertu ekonomikoak eman behar zuena eman duela, baina formula horrek bere jatorrian zituen helburuei ere ez diela erantzuten. Gaineratu du independentzia ez dela krisiari egiteko era bakarra, baina "anbizio gehiagorekin" jokatzeko aukera ematen duela, "kontzertutxoarekin" geratu beharrean.