Guardia Zibilak atzo EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren mintzaide taldearen kontra eginiko polizia operazioaren kontra mintzatu da gaur EH Bilduko bozeramaile Laura Mintegi. Esan duenez, atxilotuek "baketzearen alde lan handia" egiten dute, eta gaineratu du lan hori "oso ongi" ezagutzen duela gizarteak.
Euskadi Irratian jardun du Mintegik: "Kasu honetan, gizarteak oso ongi daki abokatuek ez dutela maltzurkeriaz jokatzen, guztiz kontrakoa baizik; baketzearen alde lan handia egiten dute, eta oso eskertzekoa da hori".
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, berriz, atzo atxilotu zituztenak "bide legalak" aztertzen ari ziren presoen kaleratze mailakatua gauzatzeko. Espainiako Gobernuari egotzi dio "bakearen etsai" izatea, eta iragarri du ez dela Madrilen "azken urratsa" izango "inboluzio fasean".