politika

Mintegik erantzun du Fernandez Diaz ministroa ikertu beharko luketela, gaixo larri diren presoekin "prebarikatzeagatik"

Fernandez Diazek atzo zioen "azkartu" egin dela EH Bilduren balizko legez kanporatzerako "kontagailua", Mintegik azken atxiloketak salatu zituelako. "Espainian hitz egitea delitua da", dio EH Bilduko lehendakarigaiak.

2012ko urriaren 31
13:22
Entzun

Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak esan du "Espainian hitz egitea delitua" dela, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi baitu EH Bildu ikertu beharko litzatekeela Mintegik berak azken atxiloketak salatu dituelako. Ministroaren ateraldiari galdera batekin erantzun dio EH Bildukoak: "Fiskalak zer ikertu behar du, adierazpenak ala prebarikazioa? Zer da delitu handiagoa, adierazpenak egitea ala prebarikatzea?".

Fernandez Diazek larri gaixorik diren euskal presoekin duen jarrera hartu du aintzat Mintegi hori galdetzeko. "Ministroak berak esan zuen prebarikazioan jausiko zela Josu Uribetxebarria askatuko ez bazuten. Beraz, gogoz aurka izan bazen ere, baldintzapeko askatasuna eman behar izan zioten. Legeak preso gaixoaren eskubideak onartzen ditu. Fiskaltzak eta ministroak jakin badakite beste hamahiru preso daudela Uribetxebarrriaren egoera berean. Hamahiru pertsona horiek ez dute baldintzapeko askatasunik. Ministroak prebarikatzen du. Prebarikazioa delitua da (iritziak ematea ez bezala). Argi esaten da Zigor Kodearen 446 artikuluan". Bere blogean egin ditu adierazpenok Mintegik.

EH Bildukoak herenegun adierazi zuen Espainiako Gobernua okerreko bidetik doala eta bake prozesu bat zer den ideiarik ez duela. Fernandez Diazek adierazi du EH Bilduk "marra gorria" igaro duela eta Estatuaren abokatuak zein fiskal nagusiak kontuan hartu beharko luketela. Haren iritziz, "azkartu" egin da EH Bilduren balizko legez kanporatzerako "kontagailua". Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak esan du ministroaren eskaera aztertuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.