Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak "itun nazional" baten beharra nabarmendu du, "herrialdea eta bakea eraiki, eta krisitik ateratzeko". Mintegik esan du bere helburua "Europan Euskal Estatu libre bat" izatea dela, baina gaineratu du horretarako "epeka" joan beharra dagoela. Hori "adostasun zabalen bidez eta pedagogia dosi ugariz" lortzen dela azaldu du. Ildo horretan, datorren legealdian trantsizio neurri batzuk hartzea proposatu du, bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat sortzeko.
EH Bilduren proiektuak eta EAJrenak "antzekotasun gutxi" dutela azaldu du Mintegik, eta erantsi du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiaren proposamenak ez direla nahikoa krisiari aurre egiteko, ezta subiranotasun nahiei erantzuteko ere. Gainera, galdetu du ea EAJk "estatu gehiago" eskatzen duenean "Espainiako Estatu gehiago" galdegiten ote duen. Bake prozesuaren inguruan, Mintegik kritika egin die Espainiari eta Frantziari, gai horretan izandako jarreragatik; urratsak egiten hasi ez izana eta "hizkera oso bortitza" erabiltzea leporatu die.
Bakea lortzeko bidean EH Bilduk "bosgarren martxa" sartu duela uste du Mintegik, eta Espainiak, aldiz, ez duela "lehenengoa ere" sartu. "Gainera, prebarikatu eta Estrasburgoko epaitegiaren ebazpenei entzungor egiten diete", erantsi du.