Mintegiren gainean abiatutako ikerketa "unean unekoa" dela esan du Kalparsorok

2013ko martxoaren 22a
14:29
Entzun

Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak ikerketa bat abiatu du Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen aurka, joan den ostegunean Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran "terrorismoa goratu" ote zuen argitzeko. Gaur Kalparsorok Europa Press berri agentziari azaldu dio Mintegiren gainean abiatutako ikerketa "unean unekoa" dela eta printzipioz ez duela zerikusirik "ilegalizazio salaketa posible batekin".

"Adierazpen horien nondik norakoak aztertu behar ditugu dagokien testuinguruan", esan du Kalparsorok. Haren arabera, "terrorismoaren biktimengan ondoeza" sortu dute adierazpenok.

Osteguneko saio horretan, Mintegik adierazi zuen Fernando Buesa buruzagi sozialistaren hilketak "jatorri politikoa" izan zuela, eta hilketa guztiak "ekidin" zitezkeela, "jatorri politikoa dutelako, eta gizartearen, pertsonen eta politikarien esku dagoelako". Hitz horiek protestak eta haserrea eragin zituzten PPko, UPDko eta PSEko legebiltzarkideen artean, eta, liskarren ondorioz, ezin izan zuten eratu bakerako lantaldea. Polemika horren ondoren etorri da fiskaltzaren erabakia: jakin nahi du ea Mintegik "terrorismoa goratu" edo "biktimak iraindu" ote zituen adierazpen horiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.