EAJk izan ezik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako beste alderdi guztiek bozkatu dute Miramar jauregian hotel bat baimentzearen aurka. EH Bilduk aurkeztu zuen ekimena, eta aurrera atera da Ahal Dugu, PSE eta PPren botoekin. Onartutako testuan, gainera, jauregia kudeatzen duen kontsortzioan dauden Foru Aldundiaren ordezkariei eskatu diete eurak ere hotelaren aurka agertzeko.
Deni Itxaso Foru Aldundiko Kultura diputatuak esan du begi onez hartu duela Batzar Nagusien erabakia. "Miramar "gipuzkoar guztien ondarea" dela esan du, eta baztertu egin du hotel bat zabaltzea han. "Batzar Nagusien mandatua daukagu Aldundiak ondare horren erabilera publikoa babes dezan eta hotel bat zabaltzea baztertuz. Hori zen Kultur Departamentuak ezarri zuen jarrera eta espero dut hemendik aurrera gobernu osoak bat egitea jarrera horrekin. Zentzuzkoena da".
Kultura diputatuak nabarmendu du datozen urteetan 2.000 plaza gehiago egongo direla Donostian turistentzat, eta argudiatu du ezerk ez duela justifikatzen Miramarren hotel bat zabaltzeak. Gaur egun jauregiari ematen zaion erabilerarekin sortzen dituen gastu guztiak finantzatzen ez badira ere, orain arteko jarduerari eustearen aldekoa da Itxaso: udako ikastaroak, bilerak, batzarrak, erakusketak...
Juantxo Iturria Batzar Nasusietako Ahal Dugu-ko bozeramailea pozik agertu da gaurko bozketaren emaitzarekin: "Zorionez, garbi geratu da Miramar Jauregian hotel bat jartzea EAJren kapritxo bat dela eta eurak bakarrik babesten dutela. Jarreraz aldatu beharko lukete", esan du Iturriak. Bere ustetan "EAJk pribatizazio eta merkantilizazio asmoak albo batera utzi" beharko lituzke eta "demokratikoki eta gehiengo batez Batzar Nagusiek erabaki dutena bete". Miramarren kultur eskaintza publiko bat egitearen alde mintzatu da Ahal Dugu-ren ordezkaria.