Mugikortasuna

Miranda eta Altsasuren arteko trenbide garraioaren aldeko akordioa aurkeztu dute

Akordioa Araba, Nafarroa eta Burgosko trenbide sektoreko sindikatuek eta plataforma herritarrek sinatu dute. Abiadura handiko trenarentzako alternatiba bat proposatzen du.

jarraia197690.gif
Iñaki Agirre Perez.
2021eko maiatzaren 14a
11:11
Entzun

Arabako, Nafarroako eta Burgosko trenbide sektorean ordezkaritza duten sindikatuek (UGT, CCOO, SF, SCF, CGT eta SEMAF) eta lurralde horietako trenbide sareen aldeko plataformek Miranda eta Altsasuren arteko trenbide garraioaren aldeko akordioa sinatu dute. Idatzi horren bitartez, hiru lurraldeetako trenbide garraio politika birbideratzeko eskatu dute, egun existitzen diren bideak egokituz eta hobetuz, horietatik mota guztietako trenak pasa ahal izan daitezen: eskualdetakoak, distantzia ertain eta luzekoak, abiadura handikoak eta prestazio eta merkantzia handikoak.

Espainiako Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari eta lurralde bakoitzeko gobernuei eginiko eskari bat da, eta abiadura handiko trenarentzako (AHT) alternatiba bat proposatzen du: «[Egungo trenbideen egokitzapenek] orain arte gauzatzekoak ziren proiektuek baino askoz ere epe laburragoak eskatzen dituzte, eta inbertsio-kostu txikiagoa dute»

Hain zuzen, akordioak dioena aplikatuko balitz, Burgos, Gasteiz, Iruñea eta Zaragozaren artean AHTarentzat aurreikusita dauden 250 kilometroak ez lirateke beharrezkoak izango, sinatzaileen arabera: «Proposamen hau justifikatua dago, eta errentagarritasun handia du».

Akordioak planteatzen duen proiektua Miranda eta Altsasuren arteko trenbideen birgaitzean oinarritzen da, puntu gatazkatsuak kenduz, tunelak egokituz eta tren eraginkorragoak erabiliz. Sinatzaileek argudiatu dute neurri horiei esker, ibilbideen batez besteko abiadura «nabarmen» hobetzearekin batera, lineak bere edukiera handituko lukeela.

Trenbide moderno bat, luze gabe

Miranda eta Altsasuren arteko korridorearen egokitzapenak «gure lurraldera trenbide moderno bat ahalik eta eperik laburrenean iristea» ahalbidetuko lukeela dio akordioak, inguruko probintziekiko «atzean ez geratzea» lortuz. Halaber, sareak Atlantikoko ardatzarekin, Kantauri-Mediterraneokoarekin eta Europako gainerako lurraldeekin «lotura arin eta eraginkor» bat bermatuko luke.

Gainera, proposamena lurralde antolaketarako onuragarria dela diote bere sustatzaileek, egun existitzen diren geltokiak mantenduta lurraldeak «egituratzen» lagundu eta isolaturiko guneak sortzea saihestuko litzatekeelako. Gainera, horrek ingurumen inpaktuaren murrizketa bat ere ekarriko lukeela nabarmendu dute, azpiegitura gehiena korridore «antropizatu» baten barruan mantenduko litzatekeelako, «non paisaiak trenaren egungo trazadura barneratu duen».

Inguruko ereduak jarraituz

Aurkezturiko proposamena egiteko, akordioaren sinatzaileek inguruko beste lurralde batzuetan iragarritako proiektuak jarri dituzte eredu gisa, hala nola Castejon-Logroño eta Teruel-Zaragoza tarteetakoak. Azaldu dutenez, Mugikortasun Ministerioak ontzat jotako proiektu hauek ere trenbide-trazaduren egokitzapenean oinarritzen dira, eta «prestazio handiko lineak hirietara iristea ahalbidetuko lukete epe laburrean».

Bada, aipaturiko bi kasu horiek «jarraitu beharreko ereduak» direla adierazi dute akordioan parte hartu duten sindikatu eta plataformek, eskualdeetako garraioa hobetzeaz gain, trenbidez egiten den merkataritza garraioa handitzen lagunduko lukeelako, «errepidez egiten dena gutxituz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.