'No apartheid. Autodeterminazioa' lemapean herenegun Donostian izan zen manifestazioan gertatukoari "ez al dugu elkar ezagutzen ala?" galdera eginez erantzun dio Miren Azkarate Kultura sailburuak. "Nik ez dut ikusi Herrizaingo sailak manifestazioa debekatzeko ateratako agiria, eta gutxiago EAEko Jusitizia Azuitegi Nagusiak legeztatzeko erabilitakoa", adierazi du, baina honako galdera bota du: "Zer gertatuko litzateke Herrizaingo sailak baimenduko balu?".
Ibarretxe planaz ere aritu da, eta irailean hasiko den ikasturte berriaz itxaropentsu agertu da. "Ibarretxek esan du proposamen guztiak uztartzen saiatuko dela, puntuz puntuko akordioak lortzeko bidean jarriko garela", nabarmendu du. Ibarretxe plana burura emanez gero, Madrileko Gobernuak behin baino gehiagotan esan du autogobernua desegin egingo duela, baina Azkarateren ustez, "herri batek garbi baldin badauka nora jo nahi duen, norabide horretan joango gara, eta historiak ere hori erakutsi du".
Hizkuntza politika eta euskaltegien afera
Hizkuntza politikan Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako egoeraz sakondu du Azkaratek. Eusko Jaurlaritzak Nafarroako Gobernuarekin harremanik ez duela onartu ondoren, eta Sanzen Gobernua euskalgintzari egiten ari zaion kaltea salatu ondoren, gizartearen erantzunean sinisten du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak: "Egoera zaila izan arren eta baterez aldekoa ez izan arren, gizartean borondatea sendoa baldin badago eta horretan talde aktiboak baldin badaude, aurrera egin daiteke, eta agian hori garrantzitsuagoa da hori administrazioaren eragina baino".
Euskaltegien arduradunekin bildu zen Azkarate uztailean, eta orduko bileran ez zuten akordiorik lortu, baina irailaren lehenean berriz bilduko direla azpimarratu du. "Mahai gainean jarri dena da ikaslea ardatz hartzea, beraz, ikasleak orduko diru-laguntza jasoko du eta ikaslea izango da euskaltegiarekin kontratu moduko bat egingo duena; diru-laguntzaren %90a euskaltegira joango da eta %10a ikaslearentzat" adierazi du.
'Berria' egunkaria "txukuna" da Azkaraterentzat
'Berria' egunkariaz ere hitz egin du Azkaratek, eta edozein moduko balorazio bat egiteko garaian "oraindik oso denbora gutxi pasa" dela esan badu ere, egunkari "txukuna" dela iruditu zaio. Iraileko lehen Gobernu batzordean komunikabide guztientzako diru-laguntza deialdiak aztertuko dituztela nabarmendu du, eta bilera horretan diru-laguntzak onartuko direla espero duela adierazi du.
'Egunkaria' itxi zutenenan mahai gainean gogoeta bat jarri zuen Azkaratek, eta proiektu zabalago bat egiteko garai egokia zela esan zuen. "Nik orduan esan nuen lehengo taldeak egitea guztiz legitimoa dela, beste talde editorialek egiten duten moduan, baina euskaraz egiten zen bakarra izanik pentsatzen nuen interesgarria eta aberatsagoa izan zitekeela beste modu batez egitea. Ez da hala gertatu, eta esan nien sentitzen nuela", nabarmendu du.
Azkarateren adierazpenak
Miren Azkarate: "Herri batek garbi baldin badauka nora jo nahi duen, norabide horretan joango gara"
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Euskadi irratian adierazi duenez, herri batek garbi baldin badauka nora jo nahi duen, norabide horretan abiatuko da Jaurlaritza. "Azken batean, historiak hori erakutsi digu", azpimarratu du. Madrilek autogobernua bertan behera uzteko arriskuaz galdetzean egin ditu adierazpen horiek Azkaratek. Hizkuntza politika, Kultur eta Kirol planak, euskategien afera eta 'Berria' egunkaria ere hizpide izan ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu