Ongizate estatuaren eta gizarte politiken «berme» gisa aurkeztu du bere burua alderdi sozialistak. Eduardo Madina Espainiako Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak adierazi duenez, ongizate sistema mantentzea izango da PSOEren lehentasuna, baita oposiziora pasatzen bada ere. Hark uste du PPren asmoa zerbitzu publikoetan «murrizketak» egitea dela, hezkuntza eta osasun arloetan bereziki. Hori saihesteko asmoz, eta azaroaren 20ko bozei begira, herritarrak «mobilizatzeko» beharra azpimarratu du Madinak. «Harresia eraiki behar dugu hezkuntzari eta doako osasunari eskuinak egin nahi dien erasoa gelditzeko», adierazi du PSE-EEko kideak Bilbon eginiko mitin batean.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak krisialdi ekonomikoari emandako erantzuna gogor zigortuko dute herritarrek, PPren mesedetan. Hala diote inkestek. Mariano Raxoiren alderdiak gehiengo absolutua ere aise lortuko duela iragarri dute.
Kolpea ahalik eta leunen izatea izango da, beraz, sozialisten xedea. Botoa erakartzeko, Raxoirekin egoera ekonomikoak «okerrera» egingo duela azpimarratzen ari dira hauteskunde kanpainako ekitaldietan, nabarmenduz PPk murrizketa ugari egin nahi dituela gizarte politiken eta eskubide zibilen arloetan.
Sozialistek uste dute PPren hautagai Mariano Raxoik ere ez duela erakutsi krisialdiari erantzun justu bat emateko gaitasunik. Madinaren arabera, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko PPk aurkeztu dituen neurri guztiak politika neoliberaletan daude oinarrituta. «Eskubide sozialak indargabetu nahi ditu eta espazio publikoa pribatizatu», salatu du. Madina ziur da, halaber, Zapateroren agintaldian sustatutako hainbat «lorpen sozial» —abortuaren legea, adibidez— indargabetuko dituela PPko gobernuak.
Aldiz, Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialistaren lehentasunak gizarte politikak direla dio. Horiei eusteko, baina, herritarren babesa ezinbestekoa dutela ohartarazi du Madinak. «Zerbitzu publikoak, hezkuntza eta osasuna babesteko harresia izango gara». «Ordaindu gabe sendagilearengana joan nahi duten herritarrek eta doako hezkuntza publiko eta unibertsala nahi dutenek aliatua dute alderdi sozialista», nabarmendu du Bizkaiko zerrendaburuak.
Nafarroan ere, mobilizaziorako deia egin dute sozialistek, eta Rubalcabak krisialdi ekonomikoari aurre egiteko proposamen zehatzak dituela nabarmendu dute.
Besteak beste, zerga sisteman erreforma sakona egitea proposatu du Juan Moscoso Kongresurako zerrendaburuak, «gehien dutenek gehiago ordain dezaten». Haren ustez, ezinezkoa da egungo ongizate estatuari eustea zergak jaitsiz, PPk proposatzen duen moduan. Era berean, «enplegurako estatu akordio bat» beharrezkoa dela esan du Moscosok.
Rubalcaba eta euskal gatazka
Sozialistek Mariano Raxoiren irudia higatzeko aurrera eramaten ari diren ahalegin horretan, Javier Rojo PSE-EEren Arabakopresidenteak ere parte hartu du, Gasteizen eginiko mitin batean. PPren hautagaiak Zapateroren gobernuaren aurkako oposizioan eginiko lana kritikatu du Espainiako Senatuko jarduneko presidenteak. Krisialdi ekonomikoaren aurrean ez ezik 2006ko bake prozesuan ere ez zuela «neurria» eman salatu du Rojok. «Zapateroren legealdian zehar makilak gurpiletan sartu besterik ez du egin alderdi popularrak, gizarte espainiarraren arazoak konpontzeko ideiak proposatu beharrean». «Argi dago 2006ko prozesuan [Raxoik] ez zuela neurria eman. Momentu hartan ez zen egon, eta ezin dugu espero oraingoan egotea. Raxoik ez du merezi Espainiako Gobernuko presidentetza», adierazi du Rojok.
Jose Maria Benegas Txiki-rentzat ere «inkognita» bat da Raxoi. Konponbide prozesua sendotzeko Rubalcabak PPko hautagaiak baino «berme» gehiago eskaintzen dituela adierazi du Bizkaiko zerrendetan aurkeztu den kide sozialista historikoak. «Lorpen honen arduradunetako bat izan da Rubalcaba, eta Raxoi inkognita bat da.Gainera, uste dut haren inguruko batzuek prozesua atzera eraman dezaketela. Bakea kudeatzea oso garrantzitsua da gure herriarentzat, eta Rubalcabak Raxoik baino hobeto egin dezakeela uste dut», esan du Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.
Benegasen arabera, «agerikoa» da ETAren jardun armatuaren amaiera gobernu sozialista baten garaian izan dela, eta nabarmendu du horien artean Rubalcaba gailendu dela Barne ministro gisa. Horrek sozialistei «bakea kudeatzeko eskubidea» ematen diela azpimarratu du. «Honekin ez dut esan nahi lorpen hau modu alderdikoi batean erabili nahi dugunik. Besteekin partekatu nahi dugun lorpen bat da».
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kanpainako hasiera ekitaldian eginiko adierazpenen ildotik, Benegasek ere «batasunerako» deia egin die alderdi politiko guztiei. «Oraindik zauri eta min asko daude irekita herri honetan, eta hori politikaren bidez konpondu behar da».
Alderdi sozialistako kidearen arabera, lehen helburua «bizikidetza eta bakea sendotzea» izan behar da. Horretarako, «lasaitasuna eta zuhurtzia» beharrezkoak direla gaineratu du.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Mobilizatzeko deia egin du Madinak, «PPren erasoei aurre egiteko»
PSOEko Bizkaiko zerrendaburuak esan du «gizarte politiken bermea» dela Rubalcaba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu