Mobilizatzeko prest agertu dira sindikatuak, "politikak goitik behera aldatu arte"

Eusko Jaurlaritzaren politikak "aurkako norabidean" doazela diote sindikatuek. "Lan eta eskubide sozial duinak" eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean Bilbon.

Berria.info
2013ko martxoaren 14a
17:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan murrizketak espero zituzten sindikatuek, eta ez zebiltzan oker. "Espero ez genuena zen aurrekontu sozialak direla eta egin zitezkeen aurrekonturik onenak direla esatea", adierazi dute. Hala, larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko eskatu dute. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT, CNT eta hainbat eragile sozialetako kideek egin dute deialdia. Euskal herrian lan eta eskubide sozial duinak izango da leloa, eta 17:30ean hasiko da, Jesusen Bihotzetik.

"Modu bakar bateko politikak bakarrik aplikatu badaitezke, ez badago beste alternatibarik, zertarako nahi dugu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza?", galdetu du Mikel Noval ELAko arlo sozialeko arduradunak. Haren esanetan, aplikatzen ari diren politikak "aurkako norabidean" doaz.  "Gastu sozialean gehiago gastatu behar da, gero eta jende gehiago ari baita gaizki pasatzen".

Sonia Gonzalez LABeko komunikazioa arduradunak ere Jaurlaritzaren lana kritikatu du, gaur egungo egoera ekonomikoa eragin duten politikekin jarraitzen duelako. Foru aldundiei ere zerga sistema aldatzeko galdegin die, "gaur egun gehien dutenei mesede egin eta langile klasea zigortzen delako". Aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko prest daudela gaineratu du, «aplikatzen ari diren politiketan goitik beherako aldaketa bat ikusi arte». Gatazka soziala handitzerik nahi ez badute, badakitela zer egin esan die erakundeetako ordezkariei.

Gizarte taldeen izenean, Victor Villaresek hitz egin du. Kezkatuta agertu da aurrekontuen murrizketak eskubide sozialen gutxitzea ekarriko duela uste duelako, eta zerbitzu publikoen kalitatea kaskartuko delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.