Independentistak sareak mobilizazio nazionalera deitu du urriaren 12rako, hispanitatearen egunerako, Gora Euskal Errepublika lelopean. Bertan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek, bakoitzaren sentsibilitate politiko zehatzak gainditu eta aniztasunean elkartzeko asmoz. "Mobilizazioa herri bat oso bizirik dagoela adierazteko eta etorkizuna eraikitzeko prest gaudela aldarrikatzeko da", azaldu dute.
Espainiako "krisi ekonomiko eta soziala" presente izan du Independentistak sareak: "Azken hilabetean egin diren bat-bateko ekintzek, erregearen abdikazioa, errege berriaren koroatzeak eta abdikatzailearen aforamenduak, begi bistan jarri dute, berriro ere, norainokoa den krisi politikoa". Gaineratu dute horrek guztiak "argi" adierazten duela ez dagoela "demokratizazio prozesu txikienik ere burutzeko aukerarik".
Frantziatik ere, "ukazioa"
Horrez gain, salatu dute autonomien Espainiaren "porrotari" Madrildik birzentralizazio estrategiarekin erantzun zaiola. "Era nabarmenean ikusten dugu hori Euskal Herrian, Nafarroako Foru Hobekuntzaren eta Gernikako Estatutuaren ibilbide autonomista guztiz agortuta dagoenean".
Bestetik, antolatzaileek erantsi dute Frantziak "ukazioa, inposizioa eta menpekotasuna" besterik ez diela eskaintzen. "Pertzepzio berriak indartzen ari dira: etorkizuna, ongizatea, justizia soziala, demokrazia eta bakea independentziari loturik agertzen dira". Independentistak sareak dio independentziaren gaia eztabaida politikoaren erdi-erdian kokatu dela. Horregatik, "euskal estatu independentea eta euskal errepublika" aldarrikatu nahi dituzte.