Mobilizazio ugari egin dira atxiloketak salatzeko

Gaur manifestazio gehiago eta bihar elkarretaratzeak izango dira herrietan

Erredakzioa
2003ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Atzo, Euskal Herriko hainbat herritan Espainiako Poliziak eta Frantziako Poliziak elkarlanean burutu zituen atxiloketak salatzeko, mobilizazio asko antolatu ziren egunean zehar hainbat herritan. Mobilizazio jendetsuenak, atxilotuen herrietan egin ziren.

Hala, Zaldibian, 300 lagun inguru elkartu ziren bertako herritar Itsaso Garmendia eta Bittor Garcia gazteen atxiloketa salatzeko eta haien egoeraren berri emateko. Herriko jaiak ospatzen ari dira egunotan Zaldibian, eta atxiloketak gertatu zirenean polizia herriko plazako txosnara sartu eta pankarta kendu zuela salatu zuten atzo elkarretaratuek.

Bestalde, Alegian 30 lagun inguru elkartu ziren atxiloketak salatzeko antolaturiko kontzentrazioan, eta Hernanin, 200.

Arrosadian, Nafarroan, 100 lagun inguru elkartu ziren atxiloketak gaitzesteko. Txantrean, berriz, Espainiako Poliziak desegin zuen manifestazioa.

Bilbon,berriz, atzoko atxiloketak salatzeko, 400 bat lagunek manifestazioa egin zuten arratsaldean Zazpikaleetan zehar. Santiago Plazatik abiatu zen protestaldia eta leku berean amaitu zen, inolako istilurik gabe. Eusko Gudariak abestu eta, amaitutzat eman zuten atzoko protestaldia.

Ondoren, datozen egunotan atxiloketen aurka antolatutako deialdien berri eman zuten. Bihar, ostirala, arratsaldeko 19:30ean Bilboko Plaza Biribiletik abiatuko da manifestazioa. Larunbatean, berriz, arratsaldeko 18:30erako egin dute deialdia, Bihotz Sakratuan.

Donostian ere deitu dute manifestazioa gaurko. Iluntzeko 20:00etan irtengo da, Konstituzio enparantzatik.

Baionako polizia etxearen aurrean protesta

Ia hirurehun bat lagun bildu ziren Lapurdin atzo arratsean, atxiloketen salatzeko, Askatasunaren arabera. Baionako polizia etxean 80 bat lagun elkartu ziren, Ipar Euskal Herriko bost atxilotuak bertan zeudelako.

Bost atxilotuen herrietan ere burutu zituzten elkarretaratzeak, tenore berean. Angelun 35 lagun bildu ziren, 80 Larresoron eta 70 Azkainen. Nafarroa Beherean elkarretaratzea iragan zen, Donibane Garazin, 60 bat lagunekin. Zuberoan, Maulen, 40 bat lagun bildu ziren. Bihar ere elkarretaratzea iraganen da Maulen, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.