POLIZIA OPERAZIOA

Mobilizazioak herri ugaritan

Guardia Zibilaren sarekadaren aurkako mobilizazioak egiten hasiak dira Euskal Herriko leku askotan.

ERREDAKZIOA
2015eko urtarrilaren 12a
22:31
Entzun

19:00etan zeuden deituta protesta egiteko, besteak beste,  Arrasaten, Antsoainen, Bergaran, Bilbo Zaharran, GAsteizen, Mundakan eta Zeuanurin.

19:30ean, berriz, Abadiñon, Eibarren, Elgoibarren, Bilboko San Inazion, Donostian (Intxaurrondo), Durangon, Galdakaon, Ibarran, Lekeition eta Ondarrun.

20:00etan, Algortan, Arbizun, Barakaldon, Bilbon (Indautxun, Deustuan, Uribarrin, Santutxun, Alde Zaharrean eta Otxarkoagan), Gernika-Lumon, Hernanin, Iruñean, Oiartzunen, Sopelan eta Zumaian

Baionan ehunka lagun

Ehunka lagun elkartu dira Baionan goizeko atxiloketak eta 04/08 epaiketa salatzeko. 18:30ean izan behar zuen elkarretaratzeak, baina beranta pixka batekin hasi da Aurore Martin eta Haizpea Abrisketa iritsi arte itxaron dutelako —Madrildik Baionara bidean ziren bi auzipetuak—. Hamasei atxilotuak askatu eta 35ak hobengabetzeko eskatu dute Alice Leizagezahar EELVko kideak eta Claude Larrieu NPAkoak elkarretaratzearen deitzaile guzien izenean. Martin eta Abrisketak ere hartu dute hitza; goizeko atxilotuei elkartasuna adierazi eta errepresioaren gainetik borrokan jarraitzeko deia luzatu dute.

Arbizun jendetza

Arbizun herri batzar informatiboa egin dute, udaletxeko batzar aretoan. Jendea sartu ezinik gelditu da, ia bostehun lagun bildu baitira. Guardia Zibila kanpoan zegoen eta, elkarretaratzea egiteko baimenik ez zenez, atxiloketak salatzeko plazaren inguruan bilkura txikiak egin dituzte —gehienez, 19 lagunekoak—. Fran Balda Arbizun atzeman dute, goizean.

Tentsioa LABen Bilboko egoitza atarian

19:00etan bota du LAB sindikatuaren kontuak txioa: "Kanpoan zegoen emakume bat arrastaka eraman dute egoitzara Ertzainek. Barrura sartu dute". Bilboko egoitza atariko giroa gaiztotzen ari da denborak aurrera egin ahala. Guardia Zibila egoitza barruan dago oraindik eta Ertzaintzako hiru furgoneta agertu dira arratsaldean. Ertzainak jarri dira kanpoan elkarretaratutako dozenaka lagunen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.