Mobilizazioarekin bat egiteko, tabernak itxita

Bilbo Zaharreko eta Zazpikaleetako hainbat taberna itxi egingo dituzte etziko protestak irauten duen bitartean

Bilbo Zaharreko eta Zazpikaleetako tabernarien ordezkaritza batek babesa eman dio etziko mobilizazioari, agerraldia eginda. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bilboko Zazpikaleetako eta Bilbo Zaharreko dozenaka tabernarik babestu egin dute Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatuta 17:30ean aurrera Bilbon egingo den herri mobilizazio orokorra. Modu aktiboan parte hartzea erabaki dute, gainera, eta bat egin dute Etxerat elkarteak egindako deialdiarekin: Manifestazioak irauten duen bitartean, itxita izango dituzte tabernak.

Hedabideen aurrean agerraldia eginda eman zuten erabakiaren berri tabernariek, atzo. Mobilizazioari «atxikimendua» adierazi, eta, Egin Dezagun Bidea ekimenak mobilizazioaren bidez zabaldutako aldarrikapenak bere egin zituzten.

Euskal presoak Euskal Herrira ekarri eta sakabanaketa amaitzeko eskatu zuten, beraz. Baita «bizi osorako espetxe zigorra amaitu» dadila ere. Egin Dezagun Bideak kaleratutako manifestuaren hirugarren puntuak dioen bezala, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak kaleratzeko aldarrikatu dute tabernariek. Halaber, gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatu eta «osasunerako eskubidea bermatzeko» galdegin dute. Eta, «Frantziako eta Espainiako estatuen espetxe politika konponbide gakoetan ezartzeko» ere bai.

Bezeroei eta tabernariei deia

Horrekin guztiarekin bat egiteko, tabernak eta jatetxeak itxita izango dituzte, eta horren zergatiaren berri emango dute itxitako ateetan jarritako txartelen bidez.

Gainontzeko tabernariei ere ekimenarekin bat egiteko deia luzatu diete agerraldia egin dutenek, eta, bezeroei zein «euskal jendarte osoari», mobilizazioan parte hartzeko gonbita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.