Horren aurka egiteko eta Euskal Herria, demokrazia, errepublika eta erabakia aldarrikatzeko, mobilizazioak egingo ditu ostegunean bertan, tronuratzeko egunean.
20:00-21:00 artean Donostian (Konstituzio plazan), Gasteizen (Foru plazan) eta Iruñean (Udaletxe plazan) elkarretaratzeak eta mosaikoak egingo ditu, eta Bilbon udaletxetik irtenda Uribirateraino martxa bat eta han mosaiko bat. 12:00-12:15 artean, berriz, EH Bilduko alkate eta hautetsiek eten bat egin, eta ikurrinak aterako dituzte udaletxeetako balkoietara eta atarietara. Herritarrei ere eskatu die ikurrinak ateratzeko. Herrien eskubideen alde. Gurea euskal errepublika lelopean izango dira mobilizazioak.
"Eztabaidari aukerarik eman gabe, inolako prozedura demokratikorik errespetatu gabe, herritarren borondatea kontuan hartu gabe, beste borboi bati emango diote [Espainiako] estatuaren agintea", esan dute gaur Maribi Ugarteburu eta Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideek, Donostian.
EH Bildu "harrituta" agertu da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria Felipe VI.aren tronuratzera joango delako. "Errespetu instituzionalaren aitzakia erabiliko du. Kontsiderazio eta errespetu hori herri honen gehiengo politiko eta sozialarekiko adierazi beharko luke Urkulluk, estatuaren operazio antidemokratiko honi zilegitasuna eman ordez".
Lau aldarriak
- "Euskal Herria: gure herriaren aitortza eta eskubideak aldarrikatzeko.
- Demokrazia: herritarrei boterea eta hitza bueltatzeko, ukazioak eta inposizioak amaitzeko.
- Errepublika: herritar librez osaturiko euskal errepublika askea.
- Erabakia: erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, demokrazian herriek bere etorkizuna eraikitzeko muga bakarrak herritarren borondateak adierazten dituena izan behar baitira".