Mon810 arto transgenikoa laborantzan ez baimentzeko eskatu dio Frantziak Europari

Mon810 arto motak ingurumena arrisku handian jartzen duela ebatzi zuen iaz Frantziako Gobernuak

Aitor Renteria - Mikel Peruarena
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Monsanto etxearen Mon810 izeneko artoa laborantzan ez baimentzeko eskatu dio Frantziako Gobernuak Europako Batzordeari. AESA etxeak iazko abenduan egindako ikerketeta batean oinarritu da Frantzia eskaera horiegiteko. «Ikerketa horiek argi frogatzen dute Mon810 arto transgenikoak arrisku handiak eragiten dizkiola ingurumenari», erran zuen Frantziako Gobernuak. Mon810 ez da arto espezie transgeniko bat, arto transgenikoei ezartzen zaien ezaugarri bat baizik. Joan den azaroaren 28an, Mon810 arto transgenikoa laborantzan debekatzeko erabakia hartu zuen Frantziak. Ez da bakarra izan: 2006an jadanik Greziako Gobernuak arto mota hori debekatu zuen.

Amerikako Estatu Batuetan YieldGard izenarekin baliatzen dute arto transgeniko hori. Haren egitura genetikoa aldatu zuten artifizialki, intsektu lepiropteroen kontra borrokatzeko. Greenpeacek salatu zuen, transgeniko mota horren erabilpena dela eta, bizirik gelditzen diren intsektuek defentsak gogortzen dituztela. Era artifizialean ekoizten diren toxina horiek, naturan ez bezala, molde jarraikian mantentzen dira, eta kontzentrazio handian. Laborantza transgenikoa garatu den tokietan, intsektuek defentsak garatu dituzte, eta dagoeneko naturan atzematen den toxina horrek ez duela haiengan eraginik adierazi du Greenpeacek.

Gizakiengan ukan dezakeen eragina ez dela aski ikertu ohartarazi du Greenpeacek. Ez dira ikerketa sakonak egin arto mota hori jan duten abere edo pertsonekin eta, ondorioz, ezin daiteke bermatu eraginik ez duela osasunean. Naturan ez dauden elementuakelikagai kateansartzea arriskutsua dela dio Greenpeacek.

Zulakarien aurka

Zulakari deituriko zomorroei kontra egiteko, arto haziak badu bere kode genetikoan intsektizida bat. Eta Mon810 ezaugarri hori duen artoa da Nafarroan ereiten den arto transgenikoa, Juanma Iturrieta Nafarroa Transgenikorik Gabe plataformako kidearen hitzetan. Nafarroan 12.000 eta 15.000 hektarea artean ereitenda artoa, eta heren batean transgenikoa izan ohi da, klase askotakoak baina denak Mon810 ezaugarri hori dutenak. Bitxikeri bat nabarmendu du Iturrietak: zulakariari aurre egiteko intsektizida duen artoa ereiten da Nafarroan, baina ia ez dago zulakaririk bertan.

Iturrietak uste du herritarrak ez direla arto transgenikoaz fio, eta Monsanto enpresaz, gutxiago: «Mafiaren eta bandidoen historia bat dauka atzean, nola fidatuko zara halako enpresa batekin?». Frantziak Mon810ren erabilera debekatzeko eskatzea ez zaio arraro egin, kontzientzia handiagoa sumatzen baitu han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.