Ampo kooperatibako bazkideen %85ek babestu zuten Mondragonetik ateratzeko erabakia, joan den ostiralean egin zen batzarrean. Irizarrekoek, berriz, bihar dute taldea uztea edo ez erabakitzeko hitzordua. Euren kudeaketa ereduek korporazioaren egiturarekin talka egiten dutela aipatu dute taldetik ateratzeko arrazoi modura. Mondragon utzi ondoren, Koldo Saratxagak Irizarren buruzagitzan martxan jarri zuen kudeaketa sisteman sakontzea litzateke bi enpresen asmoa. Kooperatiben jarrerak ikusmin handia piztu du, azken garaietan atxikimenduak baino ez zituelako jasotzen Mondragonen proiektuak.
Horren haritik, bi enpresek korporazioa uzteko «askatasun guztia» dutela onartu zuen Aldekoak, eta «begirune osoa» adierazi zien. Prozesua, gainera, barne araudiari jarraituz egin dela nabarmendu zuen, gardentasun osoz. Gaur egun, taldearen salmenta guztietatik %3,6 dira Ampo eta Irizar, eta Industria atalekoetatik, %7.
Bi kooperatiba horiek hasieratik estatus berezia izan dute taldearen baitan. Ampok eta Irizarrek, Urolarekin batera, Goikide izeneko atala osatu dute, Saratxagaren ideietan oinarritutako agintaritza sistemak martxan zituztelako. Urola da oraingoz ateratzeko asmoa azaldu ez duen bakarra, baina erabaki hori hartzeko libre dela adierazi zuen Aldekoak. Mondragonen baitan jarraitzeko asmoa balu, beste atal batean kokatu beharko litzateke.
Korporazioko presidenteak ez dutela beste enpresa batzuk taldetik ateratzea espero ziurtatu zuen, eta Orona edo Ulma kooperatibak gogoeta bera egiten ari direla aipatu duten albisteak «faltsuak» direla ohartarazi zuen. «Mondragonen asmo, helburu eta balioekin bat datoz, erabat». Ampo eta Irizarren erabakia, azken batean, «mingarria, baina behingo gertaera» da, Aldekoaren hitzetan, hori bakarrik. «Taldea ez dago krisian, eta ez da inolako zulorik ireki».
100.000 langile baino gehiago
Polemikatik aparte, 2007. urtea Mondragonentzat «oso ona» izan dela azpimarratu nahi izan zuen. Taldeak hainbat mugarri gainditu ditu. Hala, dagoeneko 100.000 langile baino gehiago izatera iritsi da, lehen aldiz. Hamar langiletik lau Hego Euskal Herrian ditu talde kooperatiboak.
Beste marka batzuk ere gainditu zituen korporazioak. Esaterako, 2.800 milioi euroko inbertsioak egin zituen, besteak beste Eroskik Caprabo erosteko egin zuen ahaleginagatik. Industria eta banaketa atalen salmentak % 12,4 handitu ziren, 15.056 milioi euro pilatzeraino. Emaitza gordinei dagokienez, 792 milioi irabazi zituzten iaz taldea osatzen duten 260 enpresek.
Indiara jauzia
Txinan lantokiak paratzeko parke propioa martxan jarri zuen Mondragonek Shanghai parean. Kunshanen lau kooperatiba ari dira dagoeneko lanean, eta aurki beste hiru gehituko zaizkie. Eredu hori beste herrialde batera esportatuko dute, Indiara, hain zuzen ere.
Bombay hiritik gertu, Maharastra estatuan, 160.000 metro koadroko orubea erosteko negoziazioak «oso aurreraturik» dituztela iragarri zuen Aldekoak. Hiru kooperatibek okupatuko dituzte hasieran. Danobatek makina-erremintako lantokia jartzeko asmoa du, Fagor Industrialek sukaldaritzako ekipamendua ekoiztuko luke, eta Kidek bi lantegi zabaltzeko asmoa du, hotz ganberak egiteko.
Produktu berriak, %30
Berrikuntzari eta ezagutzari beste bultzada bat ematea beharrezkotzat jo du Mondragonek. Zentro teknologikoek, unibertsitateak eta enpresek sare indartsua osatzen duten arren, ez dutela nahi beste balio erantsirik sortzen aitortu dute taldeko arduradunek. Hori dela eta, gai horiek eramateko goi mailako zuzendaritza exekutiboa sortuko dute, zuzenean lehendakariaren agintaritzapean.
Berrikuntza helburu zehatzak ezarriko dituzte, era berean. 2009 eta 2012 urteen artean 2.300 milioi euroko inbertsioa egingo dute. 2012 urtean, hain zuzen ere, industria arloko salmenten %30 2007an ez zeuden produktu eta zerbitzuetatik lortzea aurreikusi dute.
Irudi korporatibo berria
Ekitaldian taldeak bere irudi korporatibo berria aurkeztu du. MCC siglak baztertu,eta Mondragon erabiliko du izen gisara. Aurrera begirako leloa ere Humanity at work izango da, euskarazko bertsioan Gizatasuna lanean.
2007an baino %15 gutxiago irabaztea espero du aurten korporazioak
Mondragon taldeak salmenta kopuruaren hazkunde esanguratsua espero du aurten, baina horrekin ez du lortuko iazko irabaziak gainditzea. Taldeak 2007an baino %15 inguru gutxiago irabaziko duela espero dute. Hala, gutxi gora behera, 2006an izandako etekinen mailan kokatuko lirateke berriro (677 milioi euro izan ziren).Salmenta igoeraren eta etekinen murrizketaren arteko aldea lehengaien garestitzeak azaltzen du, neurri batean. Jose Maria Aldekoa korporazioko presidenteak onartu duenez, enpresak lehengaiak geroz eta garestiago eskuratzen ari dira, eta ez dute oraingoz bezeroei kostearen parte hori kobratzeko aukera.
Negozio atal batzuetan zalantza izpirik gabe «krisi ekonomikoa» islatzen ari da, Aldekoaren ustez. Aurtengo lehen lau hilabeteetan, dagoeneko, eraikuntzan eta kontsumorako produktuetan emaitza apalagoak izaten ari dira. Eraikuntzan - igogailuak izan ezik - aurreko urtean baino %12 gutxiago saldu dute, eta etxeko ondasunetan, %5.
Dena den, urtearen joanean salmentak %11,5 handituko dituztela kalkulatuko dute, 16.800 milioi euroko baliora iristeko. 2008aren hasieran Capraboren erosketak banaketa atalaren salmentak %38 handitu ditu. Industriako salmentak, aldiz, soilik %3,5 igo dira. Urtea bukatzen denerako 2007ko emaitzen pare edo azpitik egongo dira.
Arazoak arazo, aurten enplegua sortzen jarraitzeko asmoa du Mondragonek, 4.000 lanpostu, hain zuzen ere.