Gizartea

Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletako campusa inauguratu du

Eskoriatzako campusean ikasle kopurua handitu denez, beste campus bat martxan jartzea erabaki zuten. Bi urtez iraun dute lanek, eta bost milioi euro kostatu dira. [Youtube]http://www.youtube.com/watch?v=SDnlTzSQ7bU[/Youtube]

jon eskudero
2013ko maiatzaren 22a
15:14
Entzun

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak ikus-entzunezko komunikazioan espezializaturiko campusa ofizialki inauguratu du gaur Aretxabaletan. Eskoriatzako campusean ikasle kopurua handitu egin denez, eta ikus-entzunezko komunikazioari bereziki egokitutako puntako instalazioak izateko, MUk campus berria martxan jartzea erabaki zuen. Aretxabaletako Udalak eraikin bat eskaini zien, eta bi urteko lanak amaitu ondoren, gaur egin dute inaugurazioa. Dena den, ikasleak irailaz geroztik ari dira bertan ikasten. Lanak bost milioi euro kostatu dira.

Inaugurazio ekitaldian ehun lagun inguru bildu dira; bertan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte, Mondragon Unibertsitateko errektore Josu Zabala, Huheziko dekano Nekane Arratibel, Aretxabaletako Udaleko zinegotzi Iñigo Louvelli eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusi Martin Garitano. Lehenbizi bost horiek izan dute hitza, eta eraikinak ikasleen formazioan izango duen garrantzia nabarmendu dute. "Krisi garai hauetan, oso garrantzitsua da gazteak ahalik eta hobekien formatzea, eta campus hori izugarri egokia da horretarako", azaldu du Garitanok. Hitzen ondoren, eraikina bisitatzeko aukera izan dute gonbidatu guztiek.

Eraikinak hiru solairu eta 2.700 metro koadro erabilgarri ditu. Campus berriak ikus-entzunezko komunikazio graduko 135 ikasle hartuko ditu, lau mailatan banaturik: lehen mailako 42 ikasle, bigarreneko 32, hirugarreneko 34 eta laugarreneko 27. Euskal Kulturaren Transmisioan aditu ikastaroak, berriz, 20 ikasle ditu. Gerora begira, capus berriko ikasgeletan graduondo gehiago ematea aurreikusirik dute.

Teknologia berrien garrantzia

Eraikinari dagokionez, beheko solairuan ondorengo atalak daude: atondoa eta ikasleentzako zerbitzu orokorrak; areto nagusia, hainbat ekitaldi eta talde lanetarako erabiltzen dena; platoa, paisaiak irudikatzen dituen croma sistemaz jantzita dagoena, eta hainbat eginkizunetarako balio duena, hala nola aktore zuzendaritzarako. Eta, azkenik, wifiz hornitutako ikasketa gela handi bat dago solairu horretan. Lehen solairuan, 40 ordenagailuz hornitutako infogela handi bat, ikasgela handi bat, tamaina ertaineko beste hiru ikasgela eta hiru ikasgela txiki egokitu dira. Bigarren eta azken solairuan, komunikazio berrikuntzako laborategia, irakasle gela, irrati estudioa, multimedia tailerra, animazio gela eta zortzi edizio gela daude. Bistan denez, teknologia berrien aldeko apustua egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.