Amnistiaren aldeko mugimenduak antolatuta gaur arratsaldean Donostiako Morlans auzoan egitekoa den omenaldiaren aurkako neurririk ez hartzeko eskatu dio Pernando Barrena Batasuneko buruzagiak Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. Debekua salatu du Barrenak, bakea eta normaltasuna sustatu ordez giroa zapuzteko ekimena dela iritzita, bizikidetzaren aurkakoa: "Uste dut oraindik garaiz gaudela, eta dei bat egin nahi nioke Herrizaingo Sailari arratsaldean ez esku hartzeko", egin du deialdia Euskadi Irratian.
Javier Balza Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, berriz, ezker abertzaleari leporatu dio bizikidetza urratzea. "Euskal gizarteak ezker abertzaleari eskatzen dio bizikidetza gehiago bultzatzeko eta horrelako ekitaldi gutxiago antolatzeko. ETAri lekuz kanpo dagoela esatea; ETAri nahikoa dela esatea, herri honetan politika egiten uzteko eskatzea, eta ez erakunde terrorista bati omenaldiak egitea. Hori arbuiatu egiten du euskal gizarteak, egoera honekin gogaituta dago-eta", nabarmendu du.
Duela 16 urte, 1991ko abuztuaren 17an, Iñaki Ormaetxea, Patxi Itziar eta Jokin Leunda ETAko kideak hil zituen Guardia Zibilak tiroka Donostiako Morlans auzoko etxebizitza batean. Harrezkero, omenaldia egin izan diete urteurren bakoitzean. Iaz, Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu zuen. Aurten, berriz, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.
Hala ere, deialdiari eutsi diote antolatzaileek, eta 18:00etan Morlans auzoko ekitaldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Politika
Morlansko omenaldiaren haria, bizikidetza urratzea egotzi diote elkarri Balzak eta Barrenak
Ekitaldia debekatzea ez dela bake giroa eta normaltasuna sustatzeko lagungarri kritikatu du Batasuneko buruzagiak. Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren arabera, ETAri nahikoa dela esatea eskatzen dio euskal gizarteak ezker abertzaleari, "ez erakunde terrorista bati omenaldiak egitea". Debekatua egon arren, omenaldia egiteko asmoa berretsi dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu