Ostegunetik egindako euriteen ondorioz gehien kalteturiko herrietako alkateekin bildu zen atzo Javier Morras, NafarroakoBarne kontseilaria. «Gure lehentasuna, hain zuzen, herri horietako oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea izango da, hori ziurtatzeko izan daitezkeen arazoei aurre egiteko. Udalek bermatu ezin dutena guk egingo dugu». Ondoren aztertuko dituzte kalteak, eta hartu beharreko bestelako neurriak erabakiko dituzte. «Udalei eskatu diegu izan dituzten kalteen bilduma bat egiteko, eta har daitezkeen neurriak aztertzeko. Asko azkartuko litzateke horrela teknikarien lana», esan zuen Morrasek. Gainera, herritarren eta larrialdi zerbitzuen lana nabarmendu eta eskertu zuen.Errepideetan izan ziren trabarik handienak, batez ere Nafarroako Iparraldean. Hainbat errepide itxita egon ziren zati batzuetan: A-21a eta NA-137, adibidez.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa ere gogotik egin zuen euria, eta hainbat eragozpen gertatu ziren errepideetan. Hainbat lekutan luiziak izan ziren. Hala gertatu zen, adibidez, Pasaian (Gipuzkoa). Horren ondorioz, Pasai San Pedroko Arrandegi kaleko etxebizitza bat hustu behar izan zuten.Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 11:15 inguruan izan zen luizia. Lurra mugitu egin zen, eta mendi zati bat eraikin baten gainera erori zen. Eraikin horretan ez zegoen inor, baina ondoko etxebizitzako bizilagunak kalera aterarazi zituzten, badaezpada. Ez zen inor zauritu, baina bizilagunetako bat larrialdi zerbitzuek artatu behar izan zuten, antsietateak jota. Mutrikun ere izan zen lubizi bat. Gaur, pixkanaka hobera egingo du eguraldiak.
Morrasek dio lehentasuna euriak kalte eginiko herriek «oinarrizkoa» izatea dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu