Mosaiko bat Iruñean, Euskararen Legeak ezarritako zatiketa irudikatzeko

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkartu dira dozenaka eragile sozial eta sindikal, 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa salatu eta ofizialtasuna eskatzeko.

Kontseiluaren elkarretaratzea
Euskalgintzaren Kontseiluaren elkarretaratzea, gaur, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 15a
20:15
Entzun

Nafarroako Euskararen Legearen 37. urteurrenaren karira, dozenaka lagunek euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute gaur iluntzean Iruñean, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin dute agerraldia: mosaiko erraldoi bat osatu dute, 1986. urteko legeak ezarritako zonifikazioa irudikatuz. Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelen esanetan, legeak «eskubide ezberdinak aitortzen dizkie herritarrei, bizitokiaren arabera», eta galdetu du «noiz arte iraungo duen bereizkeria horrek». Euskarak ere «aldaketa» behar duela gaineratu du.

Hain zuzen, iragan apirilean, euskararen ofizialtasunaren aldeko adierazpen bat sinatu zuten Nafarroako berrehundik gora gizarte eragilek, eta parlamentu aurrean aurkeztu zuten. «Oso gutxitan gurutzatzen garen berrehundik gora eragile gara, kasu askotan elkarren berri izan gabe», diote idazkian. Beste gai askotan ez, baina euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko aldarrian egin zuten bat, «milaka biztanlek lurralde osoan herritartasuna berdintasunez, bazterkeriarik gabe bizitzeko aukera izan dezatela galdegiteko».

Ulergaitz deritzote herritarren eskubideak «eremuaren araberakoak» izateari: «Lekunberritik Iruñera doanak nola ulertuko du 30 kilometroko ibilbidean aurrera egin ahala eskubideak galduz joatea? Beste edozein eskubiderekin ulergaitza dena nola gerta daiteke milaka herritarren hizkuntza eskubideekin?».

Gaurko agerraldian ere, adierazpen horri aipamena egin dio Eskisabelek: «Euskara da Nafarroan zaurgarritasun egoeran dagoen hizkuntza, normalizazio egoeratik oso urruti dagoen hizkuntza. Nafarroako herritarrei ukatzen zaie euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko eskubidea, eta egunero jasaten dituzte euren hizkuntza eskubideen urraketak».

Merezimenduen dekretua, «onartezina»

Nafarroako Gobernuak onartu berri duen merezimenduen dekretua ere hizpide izan du Kontseiluko buruak. Salatu du «egungo egoera bidegabea betikotzeko» baizik ez duela balioko: «Legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskara ez da baloratua izanen, eta eremu mistoan lanpostu gutxi batzuetan baino ez. Eremu euskaldunean, ordea, epaitegiek baliogabetu ez zituzten neurriak baino atzerakoiagoak ezartzen ditu dekretuak, eta horrek argi uzten du epaitegien aitzakia baliatzen dutela hizkuntza politika desegiteko».

Hori dela eta, «lege babes handiagoa» eskatu du Eskisabelek hizkuntza eskubideentzat: «Ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko lukeen legea urrats bat litzateke eskubideen bermeei eta normalizazioari dagokienez; txikia, oinarrizkoa, baina ezinbestekoa. Ofizialtasunak ez baitio inori eskubiderik kentzen; kontrara, eskubideak aitortzen dizkio ez dituenari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.