KATALUNIA

Mossoen eskutitza Kataluniako herritarrei

Datorren urriaren 1eko galdeketan izango duten jarrerari buruz idatzi dute.

Mossoen auto bat, artxiboko irudi batean. QUIQUE GARCÍA / EFE
2017ko uztailaren 28a
11:02
Entzun

Mosso patruila batek Kataluniako herritarrei idatzitako eskutitz batek hedapen azkarra izan du egunotan sare sozialetan. Eskutitzean, mossoek adierazten dute datorren urriaren 1eko galdeketan hala agintzen badiete ez dituztela hautetsontziak kenduko. Hona hemen euskarazko itzulpena:

"'Herritarrek haien eskubide eta askatasunak era askean erabil ditzaten babestea' ez da esanahirik gabeko mezu bat, Mossos d'Esquadra erakundearen goiburu den asmo adierazpena baizik. Eta horixe naiz ni, mosso d'esquadra bat, duela hogei urte baino gehiago.

Neure buruaren jabe naizenetik ia, nire herriaren independentzia izan dut amets. Bizitzen ari garen momentu historikoak, 2012ko irailaren 11n herritarrek egindako aldarrian jaio zenak, ondorio sakona izan du gure gizartearen zati handi batengan. Gainera, modu batean edo bestean guztioi eragiten digun krisi garrantzitsu bat eragin du. Azkenaldian, hain zuzen ere, ni naizenaren zati bat bihurtu da hedabideen arreta gune.

Polizia, Mossos d'Esquadra, gizartearen eta herritarren zerbitzura dagoen erakunde bat da, kolore, genero, identitate, ideologia, erlijio eta pentsaeragatik bereizketarik egin gabe; legediaren menpekoa. Poliziak, bere eguneroko lanean, eskubide eta askatasunen erabilpena babestean, ezin du izan ez ideologiarik, ez lehentasun pertsonal edo kolektiborik.

Inozoak ere ezin gara izan, ordea. Inoiz ikusi ez den krisi politikoko egoera bat ari gara bizitzen, eta arazo politiko horiek konpontzeko ezintasunak guztiongan izango du eragina, baita Poliziarengan ere. Hortxe hasiko da polizia bakoitzaren gatazka pertsonala. Gutako bakoitzak baloratu beharko du, topa ditzakegun egoera konkretuei nola aurre egin erabakitzeko momentuan, zer den pertsona gisa, aita edo ama gisa, herritar gisa, eta baita polizia gisa ere. Kargu hautetsi bat atxilotzea epaile baten aginduz? Baliteke egin behar izatea, baita nik ere; eta egingo nuke, haren eskubide pertsonalak bermatuta egongo balira. Jarraitu beharko dugun indarreko legedia zein izango den identifikatu, edo are herritarrei hautetsontziak kentzea? Zalantza eta gatazkak hor daude, eta akats larri bat egiten ariko da Polizia bidegurutze horretan jartzen duen edozein ideologia.

Behin honetara iritsita, ordea, eta buelta asko eman ondoren, ekar ditzakeen ondorio pertsonal, profesional, ekonomiko eta penalak aintzat hartuta, pertsona egin nautenek utzi duten ondareagatik, argi daukat gure gizartearen eskubide eta askatasunetan sinesten dudala, eta uko egiten diot hautetsontziak kendu eta herritarrei mundu osoan aitortutako eskubide bat ukatzeari. Ez independentziaren alde nagoelako, nire printzipio pertsonalengatik baizik, nire seme-alabengatik, nire familiagatik, eta baita ere mosso d'esquadra izateagatik, sinesten baitut zerbitzatzen dudan gizartearen eskubide kolektiboen bermatzaile garela.

Ez nioke neure buruari inoiz barkatuko beldurragatik makurtu eta nire gizartearen alde lan ez egitea. Onartuko ditut, etortzen badira, nire gizartearekiko bidegabea den lege edo agindu bat ez betetzeagatik ezarritako zigorrak. Ez independentziaren alde nagoelako; nahi dut independentzia, eta ez edonola; guztiontzat nahi dut, nahi ez dutenentzat ere bai.

Egoera kritikoetan ikusten da benetan nolakoak garen. Arrazoia eta demokrazia gailendu behar dira. Boto zintzo, garbi eta egiakoak erabaki behar du emaitza. Politikak arazoak konpontzeko tresnak eman behar dizkigu, eta luzatu eta larriago bihurtu. Nahi eta espero dut ez desobeditu behar izatea, neure buruarekiko fidela izan ahal izateko, pertsona eta mosso d'esquadra gisa.

Eztabaida alde batera utzita, gure gizartearen eskubide eta askatasunen erabilera librea babesten jarraituko dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.