Motelaldiari aurre egiteko, errepideak

Bizkaiko Diputazioak aurreratu egin ditu zenbait eskualde autobideekin lotzeko sei errepide proiektu

jakes goikoetxea
2008ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Motelaldi ekonomikoari aurre egiteko, errepideak eta Guggenheim museo berri bat. Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak neurri horiek iragarri ditu, besteak beste, «Bizkaiko ekonomia egungo krisi garaian suspertzeko». Errepideei dagokienez, Bizkaiko Diputazioak aurreratu egingo ditu zenbait eskualde autobideekin lotzeko sei errepide proiektu. Errepideek 1.300 milioi euroko aurrekontua izango dute. Obrak 2009 eta 2010 urteetan hasiko dituzte, eta errepideak 2012an edo 2013an erabili ahal izango dira.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak atzo zehaztu zuen eskualdeetarako autobien plana. Sei errepide izango dira guztira: Markina-Ondarroa, A-8 autobidearen bikoizketa Elorrion, Autzagana (Zornotza)-Muxika, Boroaren (Zornotza) eta Igorreko ingurabidearen bikoizketa, Mungia-Bermeo eta Ermuko ingurabidea. Denera, 52 kilometro errepide.

Bizkaiko diputatu nagusiaren esanetan, errepideek Bizkaiko eskualde batzuen «eskaera historikoei» erantzungo diete, beste batzuen «gainbehera etengabea» geldiaraziko dute, eta Bizkaiko ekonomia bultzatuko dute. Obra publikoen eraikuntza eta hari lotutako sektoreak batez ere. Bizkaiko Diputazioaren aurreikuspenen arabera, obrek 320 lanpostu sortuko dituzte ikerketak eta proiektuak egiteko garaian, 4.350 eraikuntza epean eta 60 errepideak ustiatzean.

Irisgarritasun Iraunkorreko Plana izena jarri dio Bizkaiko Diputazioak errepide plan berriari. Bizkaiko Diputazioak iraunkortasuna obren zama ekonomikoa jasateko ahalmenari lotu dio batez ere. «Inbertsio iraunkorra» dela esan zuen Jose Luis Bilbaok atzo. «Hau da, bizi kalitatearen hobekuntzak guztioi eragitea eta horrek esan nahi duen ahalegin ekonomikoa guztiok jasatea, oraingoek eta hurrengoek».

Epe luzerako ordainketa

Izan ere, kanonaren edo itzaleko bidesariaren sistema erabiliko dute errepideak ordaintzeko. Alegia, Bizkaiko Diputazioa arduratuko da errepideen proiektuak idazteaz, baimen administratiboak eta ingurumen txostena lortzeaz eta desjabetzeak egiteaz; baina enpresen partzuergo bat arduratuko da errepide bakoitza egiteko dirua lortzeaz, obrak egiteaz eta errepidea ustiatzeaz. Bizkaiko Diputazioak, ordainetan, enpresen partzuergo bakoitzari errepidearen epe luzeko ustiapena emango dio eta urtero diru kopuru bat ordainduko dio errepidea erabiltzen duen ibilgailu bakoitzeko. Bizkaiko diputatu nagusiak 35-40 urteko ustiapen epea aipatu zuen atzo. Beraz, erabiltzaileek ez dute bidesaririk ordaindu beharko; baina bizkaitar guztiek ordainduko dituzte errepideak, Bizkaiko Diputazioaren urteroko aurrekontuen bitartez. «Denbora izango dugu eskema hori arretaz aztertzeko, asko baitira oraindik egin beharreko urratsak», Bilbaoren esanetan.

Euskal Herrian jada erabili da sistema hori autobia bat ordaintzeko: Nafarroako Bideko Autobidea (A-12).

Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak sei errepideek Bizkaian eragingo dituzten zenbait abantaila sozioekonomiko nabarmendu zituen atzoko aurkezpenean: denbora gutxiago beharko dela ibilbide bera egiteko; «ibilgailuen funtzionamendu kostuan aurreztu egingo da»; «istripuen tasa txikituko da»; eta «isurpen kutsagarriak gutxituko dira».

Erabiltzaileei dagokienez, Bizkaiko Diputazioaren aurreikuspenen arabera, eskualde horietan 10-21 minutu gutxiago beharko dituzte A-8 autobidera edo Txorierriko korridorera iristeko.

Guztira 13 tunel egingo dituzte sei errepide berrietan, horietatik bat ia bi kilometrokoa eta beste bat kilometro eta erdikoa: Gaztelukoa 1.945 metrokoa (A-8 autobidearen Elorrioko bikoizketan), eta Trobikakoa 1.575 metrokoa (Mungia eta Bidebieta artean).

Bizkaiko Diputazioak Bizkaiko Batzar Nagusietara eramango du errepide plana, «ekimen honek babes parlamentario zabala jasotzeko».

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.