Mozketei buruz ez zuen hitz egin nahi, eta Wert bakarrik utzi dute errektoreek

Ministroak uko egin dio unibertsitateen bileran mozketak aztertzeari, eta errektoreak ez dira joan bilkurara, kexu

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Planto egin zioten atzo Hego Euskal Herriko eta Espainiako unibertsitateetako errektoreek Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Werti. Unibertsitateen Kontseilua zuten atzo, errektoreek eurek eskatuta, baina gai zerrendan murrizketen auzia sartzeari uko egin zion ministroak. Hori ikusita, protesta gisara, bilkurara ez joatea erabaki zuten errektoreek. Ministroak ohartarazi du kontseiluaren bilera bertan behera utzi izanak ezinezko egingo duela unibertsitaterako bekei buruzko araudi berria aurrera ateratzea; nolanahi ere, iragarri du «bideak» aurkituko dituztela dekretua egiteko.

Unibertsitateetan murrizketa handiak egiteko asmoa du Espainiako Gobernuak: matrikulak %70 garestitzea proposatu du, eta ikerketen ebaluaziorik egin ez duten irakasleei eskola ordu gehiago jartzea, besteak beste. Neurri horiek ezinegona sortu dute Hegoaldeko unibertsitateetan, nahitaez ezarri beharrekoak baitira —EHU Euskal Herriko Unibertsitatean jarri beharko dituztela ohartarazia du Iñaki Goirizelaia errektoreak—. Egoera argitzeko, bilera egin nahi zuten errektoreek. Wertek erantzun zien mozketen auzia gobernuari eta parlamentuari dagokiela, ez haiei.

Batzarrean bakarrik geratu bazen ere, bereari eutsi zion ministroak: «Elkarrizketarako prest nago, baina ez negoziatzeko». Mozketen dekretua onartuta dagoela nabarmendu zuen, eta jada ezin dela atzera egin. Espainiaren egoera zein den aztertzeko eta arduraz jokatzeko eskatu zien unibertsitateetako errektoreei.

CRUE errektoreen elkarteak salatu egin du Werten jarrera, «errespetu falta» agertu dielakoan unibertsitatean ari direnei. Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari «presazko» bilera bat antolatzeko eskatu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.