emakumeen aurkako indarkeria

"Mozkortuta zegoen, baina ez basakeria egiteko moduan", dio Laffageren ustezko hiltzailearen lagun batek

Jose Diego Yllanes "lagun ona" eta "pertsona normala" zela deklaratu du haren lagun batek. Yllanes ez zela oldarkorra eta ez zuela inoiz norbaiti aurre egiten ikusi gaineratu du. Arratsaldean akusatuaren aitak eta Laffageren hiru lagunek deklaratuko dute.

2009ko azaroaren 4a
18:59
Entzun
Nagore Laffageren hilketaren epaiketak aurrera jarraitzen du Nafarroako Auzitegian eta goizeko saioan Jose Diego Yllanes ustezko hiltzailearen lagun batek deklaratu du akusatua "mozkortuta" zegoela, "baina ez basakeria egiteko moduan". Dani Sanchez da gaur deklaratu duen laguna eta uztailaren 6 eta 7 arteko gauean, "bi kubata eta tekila txupito bana" edan zituztela zehaztu du. Atzo ustezko hiltzaileak deklaratu zuen eta hilketa gertatu zen gauean "edanda" zegoela eta ez zela ezertaz gogoratzen berretsi zuen. Hala ere, egin nahi ez zuen arren, berak hil zuela onartu zuen. Laffage iazko uztailaren 7an hil zen, Iruñean.

Yllanes duela hamar urtetik ezagutzen zuela adierazi du Sanchezek eta "lagun ona" eta pertsona "normala" zela. "Ez dakit zer gertatuko zen gau hartan, ezta zergatik ere, baina justizia egin behar da", adierazi du. Uztailaren 7an 1:00etik 4:00ak inguru arte Yllanesekin egon zela zehaztu du.

Gaineratu du, Yllanes ez zela oldarkorra eta ez zuela inoiz norbaiti aurre egiten ikusi.

Gaurko saioan ere, Orondritzen (Nafarroa) Laffageren gorpua aurkitu zuen emakumeak deklaratu du. Inguru horretan putreak ibiltzea ohikoa dela adierazi du horrek. Herri horretako bizilagun batek, berriz, gorpua lurperatuta zegoen ondoko bide batean autoan zihoan "ile beltzeko" gizon batekin topo egin zuela adierazi du, eta "normal" gidatzen zuela nabarmendu.

Yllanesek aitak arratsaldean deklaratuko du

Gaur arratsaldeko saioan Jose Diego Yllanesen aitak, Augusto Anaya akusatuaren beste lagun batek eta Nagore Laffageren hiru lagunek deklaratuko dute. Azken hiru neska horiek uztailaren 7 goizaldean Laffagerekin kaletik zihoazen, honek Yllanesekin topo egin zuenean.

Bihar, berriz, Asun Casasola Laffageren amak eta Yllanesen amak deklaratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.