MTV sarien jaialdiak Bilbon egingo dituen ekitaldietan euskararen "presentzia eraginkorra sustatzea eta ikusaraztea" eskatuko die Bilboko Udalak egitasmoaren antolatzaileei. Bilboko udalbatzarrak gehiengoz onartu du eskaria egiteko proposamena. Horrez gain, "euskal identitatea eta kultura" eta Euskal Herriko musika taldeen parte hartzea sustatzeko ere galdegitea adostu du. EAJk, PSEk eta PPk babestu dute erabakia. Kontra bozkatu dute, aldiz, EH Bilduk eta Ganemos Goazenek. Udalberri abstenitu egin da.
EH Bilduk aurkeztutako mozio baten harira eztabaidatu dute gaia, gaur, Bilboko udal batzarrean. EH Bilduren proposamenak jasotzen zuen MTV sarien jaialdiko antolatzaileei eskatzea "euskararen presentzia ikusarazi" eta urriaren 3ko kontzertuetan Euskal Herriko musika taldeen parte hartzea sustatu dezatela. Horrez gain, eraso sexisten kontrako kanpaina garatzea eta tokiko hornitzaileak kontratatzea galdegin du koalizioak, eta jaialdirako kontratatzen diren langileei hurbilen zaien lan hitzarmena ezartzea.
EAJk eta PSEk ez dute proposamena ontzat eman eta beste testu bat aurkeztu dute. Udal gobernua osatzen duten alderdiek euskararen "presentzia eraginkorra" eta "euskal identitaea eta kultura" sustatzea eskatu dute; baita Euskal Herriko taldeen parte hartzea bultzatzea ere, hirian egingo diren ekitaldietan. Horrez gain, erasorik gabeko "eremu askea" bultzatzeko kanpaina galdegin dute, eta jaialdiak tokiko hornitzaileak kontratatzea, "posiblea den neurrian". Aldiz, EAJren eta PSEren testuak ez du jaso jaialdiak kontratatzen dituen langileei hurbilen zaien lan hitzarmena ezartzeko eskaria, eta, ondorioz, EH Bilduk ez du proposamena babestu.
Bilbok eta Barakaldok (Bizkaia) MTV musika sarien Europako ekitaldia eta hari lotutako kontzertu jaialdia hartuko dute urriaren 3an eta 4an.