Frantziako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak ezohiko bilkura egin du, eta lege proiektu bat proposatu du. Horren arabera, Emmanuel Macron presidentearen exekutiboak planteatzen du COVID-19aren ondorioz joan den martxoaren 22an ezarritako alarma egoera uztailaren 24a arte luzatzea. Maiatzaren 11tik aurrera Frantziako Gobernuak ezarri nahi dituen neurrien artean dago Frantziako Estatuaren eremura sartzen den orok berrogeialdi bat egitea derrigorrez. Dena den, proposamenak ez du zehazten Frantziako Estatura sartzeko ziurtagiri bat dutenei neurria ezarriko dieten, edo, horren ordez, testik egingo ote dieten sartzen diren aldiro.
«Denbora askoan birusarekin bizi beharko dugu», nabarmendu du Olivier Veran Osasun ministroak, alarma egoera luzatzearekin batera ezarri nahi dituzten neurrien berri emateko egindako prentsa agerraldian. Veranen eta Christophe Castaner Barne ministroaren esanetan, «marko legala indartzea» du helburu lege proiektuak. Datorren astean Asanblea Nazionalera eta Senatura eramango dute lege proposamena, eta, bi ganberetan onartzen badute, indarrean sartuko da.
Zazpi artikulu ditu, eta, aurrenekoaren arabera, derrigortutako berrogeialdi hori 30 egunez luzatuko da, gehienez. Frantziako Estatura sartu eta COVID-19aren proban positibo ematen duen norbanakoak —hala dio artikuluak—, bakartzea ezarriko diote. Ez dute zehaztu, ordea, zein baldintzatan.
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak, joan den asteartean, iragarri zuen maiatzaren 11tik aurrera itxialdia «pausoka» arinduko dela.