Immigrazioa tarteko Europako Batasuneko herrialdeek beren mugak ixteko hartzen dituzten erabakiak kontrolatu egin behar direla ohartarazi du Cecilia Malmstrom EBko Barne komisarioak. «EBri indar gehiago ematea da egungo sistemaren arazoak konpontzeko modua». Schengengo ituna aldatzearen berri emango diete kideei; hala ere, Malmstromek jada aurreratu du ez duela harrera ona espero EBko kide diren herrialde batzuengandik.
Iragan astean, izan ere, agiri bat eman zuten argitara Frantziak, Espainiak eta Alemaniak; estatuen arteko mugen auzian EBk zeresan gutxiago izan beharko lukeela adierazi zuten. Proposatutako aldaketak indarrean sartzekotan, estatuek ezingo dute erabaki mugak beren kabuz ixtea, ezohiko egoeretan izan ezik. Gehienez bost egunean izan ahalko dituzte zarratuta, eta luzapena emateko aukera soilik EBk izango du. Agindua bertan behera uzteko aukera ere izango du.
Zabaleta eta Terron, bilduta
Immigrazio gaiak hartu zituzten hizpide atzo Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuak eta Anna Terron Immigraziorako Espainiako Estatu idazkariak. Bilera egin zuten, Bilbon, immigrazioaren alorrean erakunde bakoitzak dituen planetako ildo nagusiei buruzko informazioa partekatu eta aztertzeko. Zabaletak immigrazioaren eta integrazioaren inguruko Jaurlaritzaren azken egitasmoak jarri zizkion mahai gainean.
Immigrazioaren, Herritarren eta Kultura Arteko Bizikidetasunaren III. Euskal Planaren ildo nagusiak jakinarazi zizkion estatu idazkariari, eta egitasmoa laster onartuko dutela jakinarazi zion. Gainera, atzerritartasunari buruzko araudi berriaren aplikazioa aztertu zuten Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek; uztailetik dago indarrean. Erregelamendu horren xedeetako bat da atzerritarren auzietan zeresan handiagoa izatea autonomia erkidegoek. Horretarako, integrazioari buruzko txostenak kaleratu behar izaten dituzte erkidegoek.
Mugak ixteko aukera zaildu nahi du Europak, Schengengo ituna aldatuta
Salbuespen egoeretan izan ezik herrialdeek beren kabuz mugak ixtea saihestu nahi du Europako Batasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu