Hondarribiko alardea. 15 urte alarde parekidea lortzeko bidean

Mugarriz mugarri, alarde parekidera

Ixabel Alkain, Idoia Santurtun eta Aiora Mitxelena. Hondarribiko alardean emakumeen parte hartze parekidea sustatzeak batu ditu; usadio zaharraren izenean gotortutako herrian mugarri bat jartzen dute urtero, kalean, urrats bat gehiago egiten duten bakoitzean.

Ixabel Alkain, Aiora Mitxelena eta Idoia Santurtun, orain 15 urte, andreek alardean soldadu gisara irteteko lehen saioa egin zutenean, ateratzeko erabili zuten atari parean, Kale Nagusian. ANDONI CANELLADA / ARP.
arantxa iraola
Hondarribia
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Logikoa zen. Nola ez genuen parte hartu nahiko gure jaietan!». Ixabel Alkainek (1961, Hondarribia) 1995. urtean izan zuen, Emeki taldearen bidez, Hondarribi eta Irungo alardeetan (Gipuzkoa) emakumeen parte hartzea sustatzeko ekimenaren berri; alardeko konpainietan andre eta gizonen parte hartze parekidea zuen helburu. Idoia Santurtunek (1960, Barakaldo, Bizkaia) 25-26 urte daramatza Hondarribian. Berak ere sasoi hartan izan zuen ekimenaren berri, eta aurki murgildu zen. «Ni, hasiera batean, ez ninduen bultzatu desio pertsonal batek». 1996an Irunen alardean parte hartu nahi izan zuten emakumeek jasan zuten tratua bertatik bertara ikusteak bultzatu zuen, asaldatuta. «Jazarpenak, erasoak, irainak». Barrena irauli zitzaion 1996ko ekainaren 30ean Irunen, eta borroka horri atxikitzea ebatzi zuen. Aiora Mitxelena (1985, Hondarribia) neskato bat zen orduan. Amaren bidez izan zuen ekimen parekidearen berri, eta horrek eragindako jazarpena ere sufritu zuen, oraindik ume zela. «Horrekin bizitzen ikasi behar izan dugu». Adin nagusikoa denetik, Jaizkibel konpainian irteten da, parekidea den bakarrean. Aurten, kantinera izango da.

Hamabost urte beteko dira biharko egunez. Hondarribiko emakumeek 1996ko irailaren 8an egin zuten alardean soldadu gisara irteteko ahalegina lehen aldiz. Aurretik, 1993an, Emeki emakume taldeak hainbat aldiz egina zuen eskaria udalean. Gogoan du Alkainek saio haien antzutasuna: «Erantzun ere ez zuen egiten udalak». Hala, 1996an, Irunen hilabete batzuk lehenago hainbat andrek —tartean Alkain bera— egindako saioari jarraituz, ausartu egin ziren. «Aterako al zara gurekin? Eta, jakina, logikoena, atera egin ginen. Inozentzia horrekin hasi ginen, nahiz eta orain inork sinetsi ez». Aurretik berak ezagutzen zuen alardearen «musika» barrutik, kantinera izan baitzen 1983an, artean andreen parte hartze parekidea taxutzeko ametsari izenik jarri ez zioten sasoian.

Kale Nagusiko etxe batean sartu, eta hantxe geratu ziren. Asmoa argia zen: desfilea paretik igarotzean ataritik irten eta alardearekin bat egitea. Hitzartuta zeukaten alardeko zenbait gizonekin: haiek pasatzean, sartzen saiatuko ziren. 27 andre ziren. Memorian iltzatuta dauzka Santurtunek une haiek: «Ordu mordo batean egon ginen zain, ordu txikitatik». Atera zirenean, ia amildu egin ziren. «Oroitzen naiz giza masa bat bota zitzaigula gainera, oihuka, ikaragarrizko biolentziarekin, eta eragotzi egin zutela gure saioa; Irunen bizi izandakoa baino areago izan zen. Oso bortitza izan zen».

Jazarpena

Eta hala izan zen aurrerantzean ere. Ondorengo urteetan bizi izan zutena deskribatzeko hitz bat darabil Santurtunek: «Jazarpena». Gordina izan zen: «Gure eguneroko bizitza aldatu zen goitik behera. Toki batzuetara ezin ginen sartu ere egin». Ustez lagun ziren pertsona askoren begiradak, olesak eta atxikimendua desagertu egin ziren. Entzundakoen zerrenda ez dute berehalakoan ahaztuko. Alkain: «Puta. Urdanga. Lesbiana. Kanpotarra. Gu baztertzeko bota zezaketen edozein hitz botatzen zuten». Zaila da portaera horren erroak guztiz agerian uztea Alkainentzat: «Hamar mila tesi egin dira, eta nik oraindik ez dut ulertzen». Baina baditu zenbait zantzu: «Herri barruan aintzat hartutako zenbait botere gunetatik kanpo sortu zen aldarrikapena...». Horrek egin zuen, haren ustez, baztergarria zenbait talderen partetik. Andreek jasaten duten zapalkuntzarekin lotzen du Santurtunek portaera. «Emakumeoi ez digute inoiz ezer ere erregalatu; espazio hori debekatuta zegoen guretzat, eta ez ziguten utzi nahi izan sartzen».

Sarri, parez pare, kontrako postura sutsuenak herriko emakumeen partetik ikusi dituzte. Ez da samurra izan. «Askotan balio kontserbadoreen sustatzaile nagusiak emakumeak izan dira», aitortu du Alkainek. Harago doa Santurtun:«Gure portaerarekin, bereziki, emakumeak sentitu dira interpelatuak; bizitza guztian espaloian egon, eta ikusi dituzte andrazko batzuk bestelako roletan». Urte haietan «inozentzia» galdu zutela dio, bizileku zuten herriaren alderik gordinena biluzi zitzaiela, zatar eta minbera. «Intolerantzia hori guztia hor zegoen, eta azaleratu egin zen; hori guztia gogorra izan da».

Haur zelarik ikusi zituen Aiora Mitxelenak horiek guztiak. «Ama hasieratik ibili zen alarde parekidearen aldeko ekimenean, eta familia osoa etiketatu gintuzten». Baditu eskolako oroitzapen ozpinak: «Puta, urdanga... Hori dena bizi izan dugu». Kalekoak: «Ikusten duzu jendeak agur egiteari uztean diola». Etxekoak: «Aita bere konpainiatik bota egin zuten».

Sarri leporatu diete aldaketak azkarregi egin nahi izatea, usadio zaharrekin apurtu nahi izatea. Guztiz baztertzen dituzte salaketa horiek. Sutsu. Santurtun: «Azkarregi XXI. mendean?». Alkain: «Guk garbi utzi dugu ez dugula ezerekin apurtu nahi izan; guk parte hartu nahi dugu». Bereziki dira kritikoak Hondarribiko Udalak hamabost urteotan izan duen portaerarekin. Haserre mintzo da Santurtun: «Udalak ikaragarrizko erantzukizuna du: ez du batere zubirik eraiki, ez du ahaleginik egin, eta suari, gainera, gasolina ere bota izan dio». Emakumeen parte hartzea saiheste aldera udalak alardearen antolaketa bertan behera uzteari ere barkaezin deritzo Alkainek. «Jaia esku pribatuetan utzi du. Hori oso larria da». Aurten Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak hartu duen jarrerak ere biziki mindu ditu. Hainbat urtez entseguetarako egindako ibilbidea aldatu egin die, «segurtasuna» argudiotzat hartuta. Alardearen hiru entseguak San Pedro kaletik —Hondarribiko nagusietakoa— igaro gabe egin behar izan dituzte, eta deseroso sentitu dira. Ez dute segurtasunaren argudioa sinesten. «Aitzakia hutsa da», dio Alkainek. Eta Emakundek, Herrizaingo Sailarekin akritiko, auzian izan duen jarrerak oraindik ere gehiago mindu ditu. «Onartezina izan da».

Gertuagoko tokiko erakundeek ere bakarrik laga dituztela sentitu dute usu. Gaiari buruzko gogoeta sustatu nahi izan dutenetan, itxirik ikusi dituzte maiz ateak. «Eskoletan, esaterako, ezin zen gaia landu: gai tabua zen», gogoratu du Alkainek. Gogoan du Juana Mugarrietakoa taldeak unitate didaktiko bat sortu zuela gaia eskoletan jorratzeko eta eskualdeko hezkuntza komunitateak oro har ez zuela aintzat hartu.

Hobera

Oztopoak oztopo, egoera urtez urte hobera ari dela uste dute. «Askok berreskuratu egin dute jendearen agurra». Nolabaiteko baikortasunarekin mintzo da Mitxelena: «Gero eta jende gehiago dago gurekin», dio. «Gaur egun, kuadrillak ez dira hausten». Gazte ugari daude Jaizkibel konpainian. Harro desfilatzen dute haien ondoan Alkainek eta Santurtunek. «Orain, taldeko zaharrak gara, eta poza ematen du». Poliki-poliki alarde parekidearen ahotsak ugaritzen joango direla argi dute. «Gazteek ez dituzte ezagutu urterik txarrenak, eta hori oso ona da», dio Alkainek. «Ez daramate guk daramagun zama gainean». Helburua argi dute; alarde parekidea eta publikoa. Abiatzeko egokitzat lukete alardea berriz publikoa izatea eta bertan Jaizkibel konpainiak parte hartzea.

Urte luzez desfilean deseroso ibili ostean gozatzen hasi dira azken urteotan. Bakoitzak badu eguneko bere une kutuna. Kale Nagusian desfilatzen duten uneak eragiten die zirrara apartekoa Alkaini eta Mitxelenari. Arratsaldeko desfilean hunkitzen da Santurtun: «Zapatero izeneko doinua jotzen dugunean; festarakoa da, oso alaia». Zauriak osatzen jarraitu nahi dute. Urte askoan soldadu ibili ostean, kantinera aterako da aurten Mitxelena. «Aitarekin». Urteak egin ditu aitak desfiletik at; bere konpainia, jazarpen giroak irentsita, utzi egin behar izan zuen orain urte batzuk. Jaira itzuliko da aurten, alabaren ondora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.