Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren batzorde iraunkorrak bertan behera utziko du, okerrik izan ezean, Nafarroako Gobernuarekin batera mugaz gaindiko autobia egiteko 2003ko hitzarmena. Gaur Urruñan (Lapurdi) egingo duten bilkuran hartuko dute erabakia. Baionan egindako bilera batean, Jean Jacques Lasserrek zuzentzen duen erakundeko ordezkariek erabakiaren berri eman zieten Nafarroako Gobernuari, eta Laura Alba Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak atzo egin zuen publiko erabakia.
Berria jakinarazteko moduak ustekabean harrapatu zituen Pirinio Atlantikoetako Departamentuko arduradunak, baina Lasserrek berak behin baino gehiagotan azaldu ditu proiektuari buruzko kezkak eta zalantzak.
Alba kontseilariak erabakia deitoratu zuen atzo, eta proiektuaren aurka agertzen direnen arrazoiak «okerrak» direla nabarmendu zuen. Behin Pirinio Atlantikoetako erakundeak erabakia hartuta, Nafarroako zatian gaitasun handiko errepidea ez dela egingo baieztatu zuen, nolanahi ere.
Herri Lan kontseilaria atzo bertan elkartu zen Pirinio inguruko hamazortzi udal agintarirekin erabakia jakinarazteko, eta inguru horretarako bide berriak moldatzeko eta txukuntzeko asmoari heltzeko borondatea erakutsi zuen. «Ez dugu, inola ere ez, Iruñea eta mendialdeko ibarrekin garraiobideak lotzeko apustuari muzin egingo». Horretarako, azken urteetan egindako lana baliagarria izango dela azpimarratu zuen Laura Albak.
DUELA HAMAR URTEKO EGITASMOA. Lana, izan ere, hamar urtekoa izan da. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek 2003. urtean sinatu zuten mugaz bi aldeak gaitasun handiko errepide bidez lotzeko hitzarmena, baina harremanak lehenago hasi ziren. Miguel Sanzen gobernuaren aspaldiko asmoa izan da Frantziarekin lotura ziurtatzea, Gipuzkoatik pasatu behar izan gabe, eta Iruñea eta Orthezen arteko bidea, Nafarroa Beherea barna, Parisera eta Europa erdialdera bide azkarra eta berri gisa baliatzea zen helburua.
Pirinio Atlantikoetako arduradunen artean, alabaina, epeltasuna izan da nagusi, hasieratik. Eta Nafarroa Behereko hautetsien artean, berriz, kontrako jarrera erabatekoa. Leia taldea, hain zuzen ere, proiektuaren aurka propio sortutako taldea izan da, eta nahiz eta Nafarroa Garaian izen bereko taldea ere osatu zen, askoz indar handiagoa izan du, beti, Nafarroa Beherekoak. Hainbat manifestazio handi ere antolatu ditu taldeak.
Horrek hasierako asmoak moteldu zituen berehala, eta hitzarmena sinatu zenean ere, Pirinio Atlantikoetako arduradunek garbi utzi nahi izan zuten bidea ez zela, ez Nafarroa Beherean, lau errailetakoa izango.
FRANTZIAKO GOBERNUAREN ERABAKIA. Nolanahi ere, azken erabakia bortxatu dutenak ez dira, iduriz, udal hautetsiak izan, Frantziako agintariak baizik. Laura Albak atzo azaldu zuenaren arabera, hiru dira, eta garrantziaren arabera, autobiaren proiektua baztertu duten arrazoiak. Lehenik eta behin, azpiegituraren alorrean Frantziako Gobernuaren politika berria. Joan den urrian, Nicolas Sarkozy gobernuburuak berak garbi utzi zuen aurrerantzean errepide proiektuak atzeratu eta trenbide proiektuak lehenetsiko zituztela.
Bigarrenik, Jean Louis Carrere Akitaniako Eskualde Kontseiluko lehendakariordearen jarrera nabarmendu zuen Nafarroako kontseilariak. Carrerek proiektuaren kontrako iritzi sendoa erakutsi du garraioa kudeatzeko bilera askotan. Azkenik, udal hautetsien iritzia dago.
Albak aukera galduaz hitz egin zuen atzo, «bide berriak ondoko lurraldearekin harreman eta komunikazio hobeak erraztuko lituzkeelako, eta Piriniotako garapen sozial eta ekonomikoa ahalbideratuko lukeelako, beste hainbat proiekturekin gertatu den bezala».
Nolanahi ere, garbi utzi nahi izan zuen Nafarroako Gobernuak ez duela errepide berria mugaraino eramango. «Horrek ez du inolako zentzurik», esan zuen.
«Aukera galdua da, bide berriak Piriniotako garapen sozial eta ekonomikoa erraztuko lukeelako»
«Ez dugu errepide berria mugaraino eramango, horrek ez du inolako zentzurik»
laura alba
nafarroako herri lan kontseilaria
Mugaz gaindiko bide berriaren proiektua bertan behera utzi dute
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren batzorde iraunkorrak gaur hartuko du erabaki ofiziala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu