Herenegun arratsaldean, Mugerreko errugbi zelaira (Lapurdi) sartu ziren nomadak 120 karabanarekin. Bertan gelditzekoak dira heldu den astelehena arte. Vie et Lumiere misio ebanjelariaren ordezkariak dira. Baionarako bidea hartua zuten igandean, baina hetsi egin zieten poliziek. Orduan, ezker eta eskuin gune egoki baten bila hasi, eta orduan zuten Mugerreko zelaia hautatu.
Mugerreko auzapezak, berriz, ibiltariak kanporatzeko salaketa jarri zuen atzo. Salaketa astebukaeran aztertuko dute, itxuraz. Hasteko, Baionako suprefetak sostengatzen du auzapeza, Euskal Irratiei adierazi dienez. Auzapezak zelai bat proposatu ziela dio, eta nomadek ukatu zutela. Suprefetak adierazi du Lapurdiko itsasaldera etorri nahi duten ibiltari guztiak ezin direla errezibitu, eskaera aitzinetik egin behar dela zehaztuz.
Bertsio horrekin ez dator bat ibiltariena. Nomaden bozeramaileak BERRIAri azaldu dionez, joan den otsailean egin zion gune egoki baten eskaera suprefetari, uztailaren 29an etortzeko asmoa zutela iragarriz. Orduan ez zuten erantzunik ukan. Ohikoa dena, iduriz: «Erantzunen zain egongo bagina, etxean geldituko ginateke». Konparazione, uda honetarako hamabi gune eskaera egin zituzten, eta bi erantzun jaso.
Beren etorrera baino bi aste lehenago berriz deitu zuten suprefeta, baina hark ihardetsi zien Baionako besten garaian ezinezkoa zela haien errezibitzea. Bestak bururatu, eta hartu zuten Baionako bidea, baina orduanere lekurik ez: «Azpimarratu nahi dut suprefetak eginahalak egin dituela leku baten aurkitzeko; herriek dute legea ez errespetatzen», zehaztu du nomaden bozeramaileak. Funtsean, suprefetak gune bat proposatu zien Baionan bertan, baina ez zen aski handia, nomaden arabera. Bakarrik 50 bat karabana sartzen ahal ziren. Lapurdin hiru gune daude orotara: Baionan, Uztaritzen eta Donibane Lohizunen. Mugerreko hiri elkargoak, berriz, ez du harrera gunerik. Alta, legeak behartzen du gisa bereko gune baten ukaitea.
Ibiltarien bozeramaileak dioenez, usatuak dira horrelako harreraz: «Legea errespetatuko balute, ez genuke horrelako arazorik». Urtero kasik hiru hilabetez ibiltzen dira bideetan gaindi misio horretako ibiltariak. Urtean zehar, bestela, etxeak dituzte. Bidea hartzen dute ebanjelioa ezagutzen ez dutenei ebanjelioa ezagutarazteko asmoz. Aldi bakoitz ibilaldi ezberdin bat aukeratzen dute, eta, aurten, lehen aldiz misio honi dagokionez, Lapurditik pasatzea hautatu dute.
Mugerreko kirol zelaian 120 karabana jarri dira
Nomadek diote ez dagoela beren errezibitzeko leku egokirik; herriko etxeak auzitara eraman du afera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu