Baionako eta Angeluko (Lapurdi) txertaketa zentroak bisitatzera etorri da Jean Castex Frantziako lehen ministroa, txertaketa kanpaina sustatzeko operazio batean. Ipar Euskal Herrian diren Frantziako Estatuko zerbitzuekin bilkura egin ondoan, txertoa hartzen ari ziren herritarrekin solasean aritu da, eta azpiegitura hobetzeko asmoa erakutsi du. «Hona etorri naiz ikustera ea dispositiboa nola hobetu dezakegun, itxarote denborak murriztu ahal izateko», adierazi du, haren hitzetan hori baita pandemiari aurre egiteko modu bakarra.
Momentu berean, Frantziako Estatuko mugetako kontrolak «egokituko» dituztela iragarri du Frantziako Gobernuak, prentsari bidalitako agiri batean. Koronabirusaren Delta aldaeraren hedapena mugatzeko hartu dute erabakia, haien hitzetan. Hala, nazioarteko herrialdeen zerrenda gorrian sartu dituzte Tunisia, Mozambike, Kuba eta Indonesia, eta handik Frantziara sartu nahi duten herritarrentzat baldintzak zorroztuko dituztela iragarri dute. Europari dagokionez, Erresuma Batutik, Espainiatik, Portugaletik, Txipretik, Herbehereetatik eta Greziatik Frantziako Estatura sartu nahi dutenek 24 ordu lehenago egindako test negatiboa aurkeztu beharko dute. Horiek horrela, baldintza hori bete beharko da Hegoaldetik Ipar Euskal Herrira pasatzeko ere. Bihartik aitzina aplikatuko dute neurria.
Kontrara, txertoa jarria duten bidaiarientzat mugako hertsadurak kenduko dituztela iragarri du Frantziako Gobernuak. Alde horretatik, txertoaren eskema «osatua» izateko epea murriztu dute. Orain arte, Pfizer, Moderna edo AstraZeneca etxeen txertoaren bi dosiak hartu eta hamalau egunera aktibatzen zen; orain, zazpi egunekoa izanen da epea. Dosi bakarra behar duen Janssen txertoa 28 egunera aktibatzen da. Azkenik, Covishiel txertoa ere osasun ziurtagirirako kontuan hartuko dutela baieztatu dute.