Emakundeko, Eusko Jaurlaritzako, Bilboko Udaleko eta beste esparru batzuetako ordezkariek, herritar ugarirekin batera, elkarretaratzea egin zuten larunbat goizean Bilboko udaletxearen atarian, indarkeria matxistaren ondorioz aurten hildako zazpigarren emakumearen hilketa arbuiatzeko. Besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan ziren bertan.
Emakumeen Mundu Martxak protestara deitu du gaurko. Donostian, 19:30ean elkartuko dira, Bulebarrean; Bilbon, manifestazioa 19:30ean abiatuko da, Arriaga plazatik; Gasteizen, 20:00etan batuko dira Andre Maria Zuriaren plazan; eta Iruñean, Udaletxe plazan egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, Bilboko herritar batek larrialdi zerbitzuetara hots egin zuen joan den larunbatean, 10:45 aldera, eta esan zien etxeko sofan aurkitu zuela etzanda, geldirik. Hara joan ziren osasun zerbitzuak, baina emakumearen heriotza egiaztatu besterik ezin izan zuten egin. 51 urte zituen.
Etxera joan ziren ertzainek ikusi zuten gorpuak ubelduak zituela, eta odol arrastoak ahoan. Lurrean ere odol aztarnak zeuden. Horren berri eman zioten Bilboko auzitegi bati, eta auzitegi medikuntzako zerbitzura eraman zuten gorpua. Autopsiak ebatzi du indarkeriaz hil zela andrea. Bikotekidea atxilotu zuen Ertzaintzak ostiralean, eta epailearen aurrera eraman dute gaur.