Espainiako Konstituzioak 39 urte

“Mugimendu independentista erraldoi bat” osatzeko deia

Ehunka lagun elkartu dira Durangon Independentistak sareak deituta. Otegik esan du “okerrerako” izango litzatekeela Espainiako Konstituzioaren erreforma. EAJk dio 1978ko jarrera “berbera” duela.

Duangon eginiko mobilizazioa. JUANAN RUIZ (ARGAZKI PRESS)
jokin sagarzazu
2017ko abenduaren 6a
18:22
Entzun

Independentistak sareko kide Maite Aristegik adierazi du garaia dela “mugimendu independentista erraldoi bat” eratzeko, “abertzaletasunetik haratago doana”. “Demokrazian, justizia sozialean eta askatasunean eraikitako etorkizun komun bat elkarbanatzeko prest dauden guztiei” dei egin die horretarako.

Gora Euskal Errepublika lelopean ehunka lagun elkartu dira Durangon (Bizkaia). Landako Gunetik abiatu da martxa eta leku berean amaitu, ordu betez herriko kaleak zeharkatu ondoren. Espainiako armarria eta konstituzioaren lehenengo artikulua idatzita zuen pankarta handi bat zegoen han, eta manifestariek apurtu eta zeharkatu dute. “Espainiar konstituzioaren aurkako eta euskal konstituzioaren alde” mobilizatu dira, Aristegik azpimarratu duenez.

Euskal Herriko ikurrez gain, Kataluniakoak ere izan dira manifestazioan, eta herrialde hartako ordezkariak ere. Josep Maria Nogue ANCko kideak salatu du Espainiako Konstituzioa “herrien kartzela” dela eta “erabakitzeko eskubidea eta burujabetza mehatxatzen dituen erregimenaren tresna”.

Aristegik, berriz, ohartarazi du Espainiako Konstituzioa erreformatzeko deiak “iruzur” bat baino ez direla. Konstituzioa aldatzekotan, hori egingo delako Madrilek eskumen gehiago “zentralizatzeko” eta herritarren “eskubide eta askatasunak murrizteko”.

Antzera mintzatu da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Ser irratian eginiko elkarrizketa batean. “Orain erreformatuko balitz Espainiako Konstituzioa, atzera egiteko izango litzateke eta ez demokrazian sakontzeko”. Bere ustez, gaur egun Espainian ez dago “indar nahikorik”  aurre egiteko "1978ko erregimena ezarri zuten botere faktikoei”. Otegiren irudiko, “zientzia fikzioa” da pentsatzea balizko erreforma batean aintzat hartuko direla “euskal herritarren eta katalanen eskaera nazionalak”.

EAJ: “Kontzertu politikoa”

Hain justu horixe eskatu du Aitor Esteban jeltzaleak. “Euskadiko eta Kataluniako nazio auziei ekiteko eta Euskadi eta Katalunia nazio gisa aitortzeko". Horretarako ez bada, konstituzioaren erreformak ez duela ezertarako balio izango eta "porrot" egingo duela ohartarazi du. Horrekin batera, salatu du konstituzioak azken 39 urteotan bizi izan duen “inboluzio eta atzerapen prozesua”.

Estebanek berretsi du EAJren jarrera dela 1978an adierazitako "berbera". Orduan jeltzaleak konstituzioaren bozketan abstenitu egin ziren. 39 urte geroago, Estebanek adierazi du “are handiagoa” bihurtu dela “distantzia hori”, konstituzioaren hainbat artikuluri buruz egin diren interpretazioenagatik, zeinak, EAJko kidearen arabera, “murriztu” egin duten Gernikako Estatutuan jasota dauden eskuduntzak. “Esan daiteke konstituzioaren atzerapen eta inboluzioa eragin dela”, salatu du.

Estebanek adierazi du “zentzuzkoena” litzatekeela egungo konstituzioarekin kritiko direnak erakartzea, baina aukera gutxi ikusten du horretarako. "Espainiako nazioaren kontzeptua zentzu bazterkor eta gainerako nazioak ukatzeko zentzuan areagotu egin da"

"Egoera konpontzeko" irtenbide gisa proposatu du Kontzertu Ekonomikoa esparru politikora eramatea: “Esparru ekonomikoan aldebikotasunean oinarritutako itun bat dagoen modu berean, kontzeptu hori berori politikaren esparrura ere eraman beharko litzateke”.

Era berean, konstituzioan jasotakoak bermatzeko sistema aldatzea galdegin du. “Oraingo sistemarekin, Auzitegi Konstituzionalarekin, argi geratu da ez dela ez sistema objektiboa ezta neutrala ere”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.