Juan Mari Mujika Dorronsoro Espainiaratzea onartu du Paueko Auzitegiak, Efe berri agentziak jakinarazi duenez. Erabakia ostiralean hartu omen zuen Pauek eta, Espainiaratze prozesua gauzatu bitartean, presoa espetxean mantentzea agindu du.
Efe agentziaren esanetan, defentsak ez du oraingoz helegiterik aurkeztu. Espainiaratze prozesua aste edo hilabete batzuk atzeratu liteke, defentsak helegitea aurkeztuko balu.
Hilaren 4an Frantziako Poliziak Barkoxen (Zuberoa) atxilotu zuen iheslari ataundarra eta Jean-Bernard Rouch fiskalak behin-behinean espetxeratzea erabaki zuen, Espainiaratzeko prozedura gauzatu edo ez erabaki bitartean.
2001ean Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia hiltzeko atentatu saioan misilak jaso eta entregatzeko ardura izatea egotzi diote Mujikari. Biarnoko Oloroe-Donamariako polizia etxera eraman zuten atxilotua, eta handik, espetxera.
Jean-François Blanco Mujikaren abokatuak Espainiaren euroagindua iritsi bitartean atxilotua aske uzteko eskatu zuen, baina fiskalak adierazi zuen ez zegoela bermatuta auzipetua epaitegira agertuko zenik eta, gainera, nabarmendu zuen egotzitako delituek 20 urteko kartzela zigorra dutela.
Mujikaren defentsak kritikatu zuen Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak operazioa jendaurrean aurreratu izana. "ETArekin loturiko berri on bat" iritsiko zela adierazi zuen Fernandez Diazek atxiloketa gertatu aurretik. ABC Punto Radio hedabidean egin zituen adierazpen horiek. Adierazpen horiek haserrea piztu zuten, baita Poliziaren barruan ere. "Onartezina da operazio bat aurreratzea", adierazi zuen Espainiako Poliziaren sindikatuak.