'GAL 30 URTE'

Multimedia gunetik liburura

BERRIAk eta Elkarrek GALi buruz elkarrekin argitaratutako liburua aurkeztu dute gaur Baionan. Harrera ona izan du bertara joan direnen artean. Salgai da jada, eta Durangoko Azokan ere erosteko aukera izango da BERRIAren erakusmahaian.

Liburuaren aurkezpena, gaur iluntzean. GAIZKA IROZ
2013ko abenduaren 4a
23:15
Entzun

Lasa eta Zabalaren bahiketaren 30. urteurrenaren harira egindako multimedia gunea lana biltzen du liburuak, eta Lekuko Bilduman izango da. BERRIAren lan talde zabal batek hartu du parte, eta horretarako beste lankideen laguntza ere izan du. Eider Goenaga BERRIAko kazetariak koordinatu du, eta liburuan daude jasota, besteak beste, GALek hil zituen 27 lagunen soslaiak eta BERRIAk urteurrenerako egindako elkarrizketak. 

Goenagarekin batera, aurkezpenean izan dira Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Jon Irazola Herria Dugu Arnas elkarteko kidea. Iheslari talde bat ere izan da hor, tartean Jose Manuel Pagoaga Peixoto, eta bai multimedia gunearen baita liburuaren balorazio baikorra egin dute. Munduan zehar bira bat egitekoak dira iheslariak, eta beste hizkuntza batzuetara itzulia izateko interesa agertu dute.

Jada salgai

Liburua salgai da jada BERRIAren harpidedunen eta BERRIAlagunen Kioskoan. Etzi Durangoko Azokan beste aurkezpen bat egingo da, 17:30ean, eta azokan ere salgai izango da  BERRIAren erakusmahaian, estilo liburuarekin batera eta ohiko beste produktu batzuekin batera.

Hogei euro balio du, baina BERRIAlagunek 15 euroan erosi ahal izango dute. Gainera, urtarrilaren 10a baino lehen BERRIAlagun egiten direnek opari moduan jasoko dute. Eskariak egiteko, (0034) 943-30 43 45 telefono zenbakira deitu behar da, edo [email protected] posta elektronikora idatzi.

1983-1987

1983 eta 1987 artean GALek egindako ibilbidearen eta atentatuen kontaketa da liburuaren ardatza. Bilketa lan erraldoia izan da, ezker-eskuin barreiaturiko informazioa biltzea, antolatzea. Lan horren berezitasun handiena, edo BERRIAren lanean garrantzia hartu duen elementua, hildakoen soslaiak biltzea izan da. "Gehien-gehienen kasuan, senideekin eta lagunekin hitz egin dugu, nahiz eta zenbaiten kasuan ezinezkoa gertatu zaigun", esan du Goenagak. Gerla zikina pairatu dutenen bizipenak, izaerak daude lanaren muinean.

GALen lehen ekintzaren 30. urtemuga zela eta —Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketa—, gaiari eustea eta sakontzea deliberatu zuen BERRIAk. "Berehala ohartu ginen lan handia zegoela egiteko, informazio andana zegoela eta bilketa lan handia zela; agerikoa zen luze eta zabal landu beharrekoa zela", gaineratu du Goenagak.

Testigantza ugari ageri dira liburuan. Izan ere, Goenagak azpimarratu duenez, gutxitan eman zaie hitza GALen biktimei edo haien senideei, Lasa eta Zabala eta bertze salbuespenen bat kenduta. BERRIAren kasuan, bai soslaietan eta bai egindako elkarrizketetan, ageri dira sufrimendu hori lehen pertsonan bizi izan duten pertsonen testigantzak.

Ezohiko moldean egin da lana. Berrogei kazetari inguruk lana banatu eta beren ekarpena egin zuten. Hori egin ahal izateko, arlo guztietan, eguneroko lana berrantolatu eta partekatu behar izan da. Talde osoaren lanaren emaitza da, beraz.

Webgunera joateko QR kodeak

GALi buruzko liburuak, epaiak, sumarioak, protagonisten elkarrizketak eta bizipenak, hemeroteka, agiriak eta abar bildu ditu BERRIAk webgunean. Hori litzateke ekarpen nagusia. Webgunean multimedia izaerak pisu handia du, eta, testu hutsaz gain, euskarri gehiago ere badaude: bideoak, audioak, PDF dokumentuak, argazkiak… Liburuan, horietarako loturak QR kodeen bidez ageri dira.

Irakurtzeko erosotasuna eskaintzen du liburuak, eta, aldi berean, kontakizunaren haria. Interneten irakurtzeko ohiturarik ez duen jendearentzat erosoagoa da. Jendearen harrera ona nabarmendu du Goenagak: "Lan honekin, uste dut aitorpen moduko bat sentitu dutela GALen biktimek eta familiek, oraingoz beste toki batzuetatik iritsi ez zaiena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.