Euskal Herrian, egunkari gehienek azalera eraman zuten atzo giza katea. BERRIA izan zen lehena, igande arratsaldean bertan edizio berezi bat plazaratu baitzuen; 'Herria bidean' zuen izenburua. Doan banatu zen hainbat plazatan, eta gaur irakurleei iritsi zaie, egunkariarekin.
Gara-k, esaterako, azal osoa eskaini zion, 'Euskal Herriak erabakitzea erabaki du' izenburupean. Barruan zabal landu zuen gaia, hainbat analisi eta elkarrizketarekin. Nabarmendu zuen "lehen urratsa" izan dela erabakitzeko eskubidea lortzeko bidean.
Deia-n eta El Diario Vasco-n ere azaleko albiste nagusia izan zen giza katea. Lehenak arrakastatsutzat jo zuen 150.000 lagunetik gora bildu izana, eta alderdien errreakzioak bildu zituen. Besteak beste, EAJko Andoni Ortuzarrenak: "Euskal herriari hitza emateko ordua da". El Diario Vasco-n, berriz, hainbat alderditako kideek giza kateari emandako babesa nabarmendu zuten.
Aldiz, Diario de Navarra-k, azalean aipatu zuen arren, barruan orri bete eskas eskaini zion. Haren arabera, Nafarroako zenbait tokitan ez zuten bete helburua, eta hutsuneak izan ziren.
Kataluniako prentsak ere arreta berezia eskaini zion igandeko egunari. Vilawebkazeta elektronikoak, esaterako, katearen arrakasta nabarmendu zuen, eta Durangotik Iruñerako bidearen aireko irudiak jarri zituen webgunean. L'independant kazetak ere pauso garrantzitsutzat jo zuen autodeterminaziorako bidean, eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ren sustatzailearen hitzak jaso ditu: "Erakutsi dugu euskaldunok elkarrekin lan egiteko gai garela".
Europako mugak gainditu zituen, ordea, ekianaldiak. Hasi AEBetatik eta Iraneraino, munduko prentsak Durango eta Iruñea bitarteko katearen argazkiak jaso zituen. AEBetan, Chicago Tribune egunkariak honelaxe titulatu zuen: 'Euskaldunek 76 miliako giza katea osatu dute Espainian, independentziaren aldeko erreferenduma eskatzeko'. Ozeanoaren beste aldean, The Voice of Russia egunkarian, "autonomia handiagoaren aldarri" gisa deskribatu zuten giza katea. Irango PressTv telebistan, berriz, katearen bideoa jaso zuten, eta monarkiaren aurkako protestekin lotu.
Elkartasuna nazioartetik
Munduan zehar bizi diren euskaldun ugarik bat egin zuten atzoko giza katearekin. Bertan egotea ezinezkoa izan zuten arren askok euren hiri eta herrietan antolatu zituzten kateak; besteak beste, New Yorken eta Berlinen. Alemaniako hiriburuan, Pep Guardiolaren babesa jaso zuen aldarrikapenak.