Berdintasuna

Mundua, alderantziz

Emakumeek egunero jasaten dituzten erasoak ulertaraztea da 'Majorité Opprimée' film laburraren helburua. Eleonore Pourriat zuzendari frantsesak egina da, eta azken egunetan bi milioi bisitatik gora izan ditu.

Emakumeen eta gizonen rolak trukatu ditu Eleonore Pourriatek Majorité Opprimée filmean —argazkian, irudi bat—.
arantxa elizegi egilegor
2014ko otsailaren 16a
11:17
Entzun

Pierre goiz irten da etxetik, haurra haurtzaindegira eraman eta lanera garaiz iritsi ahal izateko. Atarian, emakumezko bizilagun batek gelditu du: "Auzokoen bileraren berri baduzu? Honek oihana ematen du. Nork uste duzu zaindu beharko lukeela hau?". Eta Pierreri erantzuteko astirik ere eman gabe, honela amaitu du: "Hara, agian zure emaztearekin hitz egin beharko nuke". Kalera ateratzear dela, gerritik gora biluzik dagoen eta lasterka egitetik etxera datorren beste emakumezko batekin topo egin du, zeinak, karrotxoarekin laguntzeko eskaintza egin ostean, hala agurtu duen: "Eutsi irribarre horri". Pierrek baztertu egin behar du, bidea ixten dion emakumearen ondotik igaro ahal izateko. Txikikeriak diruditen bi gertaerokin hasten da Eleonore Pourriat zuzendari frantsesaren Majorité Opprimée film laburra (Gehiengo zapaldua). Hamar minutu inguruko film horrek emakume eta gizonen arteko rolak trukatzen ditu, lehenek egunero jasan ohi duten jazarpena eta bazterketa agerira atera asmoz.

[youtube]http://youtu.be/V4UWxlVvT1A[/youtube]

Badira bost urte Pourriatek film laburra lehen aldiz aurkeztu zuela, eta, orduan, Kieveko film jaialdian saritu zuten. Baina, otsailaren hasieran ingelesezko bertsioa Interneten jarri zuenetik, 2,3 milioi bisita jaso ditu. "Emakumeen eskubideak arriskuan daude mundu osoan, baita Frantzian eta Espainian ere. Frantzian, gizartea gero eta konsterbadoreagoa da, eta atzera egiten ari dela dirudi sexu berekoen arteko ezkontzarekin eta sasi-generoaren teoriarekin. Beldur den jendearen ahotsa da. Beldurrak bultzatuta, pentsatzen dute gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak amaitu nahi ditugula. Baina gizonek beti izango dute zakila, eta emakumeek alua!", azaldu du Pourriatek duela gutxi The Independent egunkariari emandako elkarrizketa batean.

Inspirazioa bere egunerokoan aurkitu zuen Pourriatek, behin senarrari azaldu zionean egunero jazarria sentitzen zela kalera irteten zenean, eta hark "ezin dut sinetsi!" erantzun zionean. "Batzuetan, gizonek ezin dute ulertu emakumeak hitzekin eraso zaiela sentitzea. Ezin dute ulertu, ez dutelako hori sufritu behar", dio zuzendariak. Eta, hain zuzen, hori ulertarazteko jaio zen Pierre, filmeko protagonista; emakumeek ia egunero eta edonon sufritzen dituzten irainak eta erasoak jasan behar ditu hark etxetik lanerako bidean.

Mutur batetik bestera

Haurra utzi eta bizikleta hartuta lanera doala, semaforo batean gelditzen da Pierre, eta, han, emakume baten irainak jasan behar ditu: "Uste duzu ez zaitudala ikusten zure ipurdia nire aurpegiaren aurrean kulunkatuz!". Pierrek beste aldera begiratu eta semaforoa berde jarri arte itxaron besterik ezin du egin, ordea. Ez da hor amaituko haren infernua. Izan ere, bizikleta lotzen ari dela, emakume talde bat gerturatu, eta iraintzen hasten zaio. Pierrek aurre egiten dienean, baina, eraso egiten diote. "Ez zen nire asmoa indarkeriazko film bat egitea, baina, neurri batean, hala da. Nire asmoa da jendeak barre egitea, eta, batez ere, protagonistarekin bat egitea", dio Pourriatek.

Helburu horrekin, egunero milaka emakumek jasan behar duten bazterketa sufritzera behartzen du zuzendariak Pierre. Izan ere, erasoa salatzeko polizia etxera jotzen duenean, ez diote garrantzirik ematen haren testigantzari. Bere emaztea hura etxera eramateko azaltzen denean ere, hau esaten dio: "Lehenago etorri nahi nuen, baina bilera batean nengoen; bestela, jo eta txikitu egingo nituen". Hori nahikoa ez, eta, protagonistak errua "gizarte feminista madarikatuari" egozten dionean, emazteak "janzkera probokatzailea" erabiltzea leporatzen dio. Pierrek erantzuten dio nahi duen moduan janzteko eskubidea duela, eta emazteak: "Ez kexatu, orduan!".

Rolak trukatuz, arazoa nabarmenago egitea izan da zuzendari frantziarraren asmoa. Baina, emakume eta gizonekin bezala, beste kolektibo askorekin ere egin liteke ariketa bera: "Zer gertatuko litzateke gizartearen gehiengoa homosexuala balitz? Zer pentsatuko lukete gay eta lesbianei halako zerbait entzutean: 'Ez, baina ni oso tolerantea naiz; lagun hetero asko ditut, baina beste kontu bat da ezkondu nahi izatea...'".

Pourriat gustura dago lortutako arrakastarekin, baina horren alde iluna ere jasan behar izan du azken asteotan, hainbat mehatxu jaso baititu Internet bidez. "Gehienak ahaztu ditut dagoeneko, baina bat buruan geratu zait. Hauxe zioen: 'Alu hori labana batekin bortxatu beharko litzateke'. Polita, ezta? Batzuk erotu egiten dira berdintasunaz hitz egiten hasten zarenean; hori da arazoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.